Maiatzaren 17an Lizarra Klasikoa Manolo Azcona Memoriala jokatu zen, junior mailako lasterketa garrantzitsua. Tolosa Danena taldean ari den Luca Martinez lakuntzarrak erasoa jo, eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:38:41), garaipen polita erdietsiz. Iaz ere garaipena Tolosa Danenak lortu zuen, Eñaut Urkaregirekin. Luca Martinezek 14 segundo atera zizkion atzetik segika zuen Ion Egiari (Alimco Campagnolo). Lakuntzarrak denboraldiko bere laugarren garaipena lortu du.
"1 zenbakiarekin atera naiz eta horrek presio pixka bat ematen dizu, baina lasterketa osoan zehar oso indartsu sentitu gara. Taldekideek sekulako lana egin dute korteak ixten, ihesaldietan sartzen... eta haien garaipena ere izan da" azaldu zuen Luca Martinezek lasterketa bukatu berritan.
Atzetik tropela taldetxotan banatuta iritsi zen. Sakandarrei dagokienez, Ion Unai Gonzalez (Alimco Campagnolo) 20. iritsi zen; Manex Huarte (Sumelec Ermitagaña) 29.; Unai Gomez (Quesos Albeniz) 70.; Urko Oiarbide (Sakana Group-Aralar) 82.; Ekai Erdozia (Sakana Group-Aralar) 84.; Oier Pagola (Quesos Albeniz) 103.; Javier Arenal (Sakana Group-Aralar) 120.; Unax Etxeberria (Sakana Group-Aralar) 123.; Xabier Curiel (Sakana Group-Aralar) 134.; eta Juan Carlos Gil de Gomez (Quesos Albeniz) 136.