Tasubinsan enpresa hitzarmena berritu dute

Guaixe 2026ko maiatzaren 22a

Tasubinsako langileendako garraio zerbitzua subentzionatzea eskatzeko protesta. CCOO

Batzordearen gehiengoak hitzarmen bat sinatu du 2026-2029 urteetarako, KPItik gorako soldata-igoerekin. Hitzarmenak lan-baldintzak ere hobetzen ditu lanaldiari, oporrei edo ordaindutako baimenei dagokienez.

Tasubinsako enpresa batzordearen gehiengoak (CCOO eta UGT) plantillaren hitzarmen kolektiboa sinatu du. Bere indarraldia 2026tik 2029ra izanen da. CCOOko kideek jakinarazi dutenez, "hitzarmenak aurreko baldintzak hobetzen ditu eremu guztietan, eta soldatak Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) gainetik igoko dira". Akordio berriak 1.500 pertsona ingururen lan baldintzak hobetuko ditu 13 lantokitan. Horietako bat Lakuntzakoa da. CCOOk hitzarmenaren "oso balorazio positiboa" du, "hobekuntza nabarmenak baititu kategoria guztietan eta negoziazioaren alderdi guztietan: lanaldia, oporrak, ordaindutako baimenak edo aldi baterako ezintasunaren osagarriak".

Hitzartutakoaren arabera, Tasubinsako langileek % 3,1eko soldata igoera izanen dute aurten. Gainerako urteetarako soldatak KPIaren arabera igoko dira, +%0,5eko diferentzialarekin, eta KPIa %3,5etik gorakoa bada, benetako KPIa aplikatuko da, erosteko ahalmenari eutsiko zaiola bermatuz.

Bestetik, Tasubinsako langileen lanaldia 16 ordu murriztuko da aurten, eta 1684tik 1668ra pasako da. Gainera, langileek bi atseden egun gehiago hartu ahal izango dituzte. Hitzarmenean jaso denez, bajak soldataren %100ean osatuko dira lehen egunetik gehienez 180 egunera arte, eta urtean 10 bajako mugarekin.

Autobusen gatazka
CCOOk konponbidea eskatzen jarraitzen du apirilaz geroztik lantokietara joateko kostuak nabarmen igo zaizkien 271 pertsonentzat. Sindikatuko kideen ustez, "beharrezkoa da alde guztien inplikazioa izango duen konponbidea" eskatu du. Izan ere, horrek autobus zerbitzu faltak eragin dien pertsonei "lan-egonkortasuna ematea ahalbidetuko die".

Sindikatutik jakinarazi dutenez, "gaur egun, ez da behin betiko irtenbiderik zehaztu, ez eta neurri argirik ere, 2027rako, lantokietara sartzeko arazoei dagokienez. Egoera horrek kezka sortzen du, denborak aurrera egiten jarraitzen baitu arazoa konpondu gabe, inplikatutako pertsonentzat ziurgabetasun-egoera mantenduz".