Udalak kultur etxean lanak egin nahi ditu

Guaixe 2026ko maiatzaren 27a

Zehazki, mendebaldeko fatxadaren energia eraberritzea egiteko lanak eman nahi ditu. 

Lakuntzako Udalak kultur etxeko mendebaldeko fatxadaren energia eraberritzea egiteko lanak emateko deialdia egin du. Obrak 114.663,10 euroko (BEZ barne) aurrekontua du. Lana bere egin nahi duen enpresak garagarrilaren 24ko 14:00ak arte aurkez dezake bere eskaintza. Kontratua eskuratzen duen enpresak zazpi hilabete izanen ditu lanak despeditzeko. 

Kultur etxearen mendebaldeko fatxadan beirate handiak daude, eta ez du energia jokabide egokirik. Udan, eguzkiak jotzen duenean, barruko aldea gehiegi berotzen da, bai behean dagoen jubilatu elkartearen egoitza, bai goian dagoen gimnasioa. Neguan, berriz, energia asko gastatu behar da eraikina bero mantentzeko. Fatxadaren energia isolamendua eginda, energia gutxiago kontsumitzea eta eraikinaren barruko aldeko konforta hobetzea lortuko da. Horretarako isolatzaileak eta leiho berriak jarriko dituzte, txikiagoak, eta eguzki argiaren sarrera erregulatzeko leihoen kanpoko aldean orientatu daitekeen sareta jarriko dute. Azken horrek kontrol elektrikoa izanen du. Mendebaldeko fatxadan jubilatu elkarteko sarrera kendu eginen da, hegoaldekoa mantenduz.