Astekaria

Duintasun oasia

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 5a

Omarrek sahararrak eta lakuntzarrak batu zituen. UTZITAKOA

Jone, Mikel eta Andoni Peña Lakuntza, Jasone Auzmendi Peña eta familiako beste sei kide Tindufeko sahararren errefuxiatu eremuan egon ziren Aste Santuan. 

Saharako mutiko batek, Omar, laugarren urtez uda Andoniren etxean pasako du, Uharte Arakilen. Anas elkartearen Oporrak Bakean programaren bidez etorriko da atzera ere. Omar etorriko den azken aldia izanen da, programa lau urterako baita. "Bere familia eta hango egoera ezagutzeko, bisita bat zor geniola pentsatzen genuen", esan du Andonik. Azkenean familiako hamar kidek bidaiatu zuten Tindufera estreinakoz. 

Anasek antolatutako bidaia batean joan ziren. Jakinik hegazkinean, maletan, 23 kilo eraman zitzaketela eta 10 eskuko poltsan, familiak erabaki zuen maletetan sahararrendako laguntza eramatea. Horretarako, Uharte Arakil, Lakuntza eta Etxarri Aranazko eskoletan eta Lakuntzako farmazian material bilketak egin zituzten. Negurako umeendako arropa, eskola materiala eta botikak eskatu zituzten. 300 bat kilo jaso zituzten eta, azkenean, guztia iritsi zen Tindufera. 

Zortzi eguneko egonaldia egin zuten, apirilaren 2tik 11ra, eta "esperientzia itzela" izan zela adierazi dute. "Bidaiak ez dauka turismoarekin batere zerikusirik. Ezagutzen duzu bertako egoera eta, gainera, bertako jendearekin zaude. Azalpenak ematen dizkizute. Zuzenean bizi duzun zerbait da. Gainera, hango jendearen harrera izugarria da. Daukaten guztia eskaintzen eta ematen dizute". Hala ere, joan aurretik abisua jaso zuten: "pentsatu errefuxiatu eremua dela, han daramatela 50 urte 'utzita'. Egunero ez dira bizi zuek egongo zaretenean bezala". Horregatik aurreikuspen handirik ez zituzten egin. "Baina egoerak ematen dizun zartakoa, benetan, gehiegizkoa da. Nahiz eta jakin zuk ez duzula benetako errealitatea ikusten".  


Anasek antolatutako bidaian joandakoak. UTZITAKOA

Basamortua
Errefuxiatu eremua Aljeria mendebaldean dagoen Tinduf hiriaren kanpoko aldean dago. Hainbat basamortu mota daudela ikasi zuten lakuntzarrek. "Tinduf hamadan dago, harea eta harria. Ez dago inongo baliabiderik. Saharako basamortuak badia izena du, eta haiendako hura paradisua da. Han gameluendako jana, tartean oasiak... bestelako desertua da haiena". Bost kanpamendu edo wilaya daude. "Bakoitzak Saharako eskualde edo hiri baten izena du". Omarren etxean egin zuten egonaldia, Aaiun wilayan. "Aaiun, berez, Saharako hiriburua da". Wilaya bakoitza dairetan, "auzo antzekoetan", antolatzen da. Lakuntzarrak Dorako dairan egon ziren. Kanpamenduen egitura emakumezkoek sortu zuten, gizonezkoei gerrara joatea zegokielako. "Emakumezkoen ardura hasieran etxeak eraikitzea eta antolatzea izan zen. Auzolan moduko bat izan zen, zerotik hasita". 

Tindufen bizi diren sahararrek "zerbait dute, duela 50 urte baino askoz gehiago, baina, hala ere, oso gutxi da". Bidaian duela 30 urte Tindufen egondako jendearekin bat egin zuten lakuntzarrek. "Orain hara joateko asfaltatutako errepide bat dago. Orduan haimak (kanpadendak) besterik ez zeuden. Gaur egun adreiluzko egiturak daude, elektrizitatea dago. Baina jasotzen duten laguntzaz bizi dira. Hori izugarrizko arriskua da. Eta hori ari da gertatzen: laguntza murrizten ari dira, eta egun batetik bestera batere gabe geldi daitezke". 

Jasotzen duten laguntza guztia Mendebaldeko Sahararen nazio askapenerako mugimenduak, Polisarioak, banatzen du. Pertsona bakoitzak jaki kopuru bat jasotzen du. Ura Tinduf hegoaldean dagoen Rabuniko putzutik ateratzen dute. "Kamioien bidez banatzen dute plastikozko biltegietara eta hodi bidez etxe guztietara iristen da. Europako gobernuz kanpoko erakunde batzuen dirulaguntzaren bidez egiten dute urarena. Baina apirilaren bukaeran moztu edo murriztekoak ziren. Aparte, kamioiendako gurpilak behar ziren. Gu joan aurretik gurpilak bidaltzeko kanpaina egon zen. Eta ura etortzen denean heldu da. Uraren kontuarekin larri zebiltzan". 

Haurrak eskolara joaten dira. "Eskolan irakasleen lana boluntarioa da, ia ez dute kobratzen". Omarren arrebak unibertsitatean ikasten ari direla azaldu dute. Sentitu zuten "emakumezkoek askatasun puntu bat dutela eta erlijioa ez dela oso itxia. 40 urtetik gorako emakumezkoek unibertsitate ikasketak dituzte". Laguntza ematen dieten Aljerian, Venezuelan eta Kuban ikasi izan dute askok medikuntza. "Komeni zaie jendea ateratzea eta prestatzea". 

Egonaldia 
Bidaiaren helburua umearen familiarekin harremana izatea da. "Omar hasieran hunkitu egin zen. Gure umeak, bere lagunak, ere joan zirenez, baloi batekin, nahiko". Ongi ikusi zuten. "Egonaldi etxekoia izan zen. Haiekin luze egon ginen, polita izan zen. Aitarekin edo amonarekin hitz egitean xarma sortzen zen. Gainera, izebak eta mundu guztia etorri zen. Batzuetan 30 pertsona geunden etxean". Sahararrendako teak abegikortasun eta laguntasuna adierazten du, eta haren bueltan elkartzen ziren. "Edozein etorrita, tearen errituala egiten zuten". Komunikatzeko gaztelania erabiltzen zuten, "han irakasten baitute". Lakuntzarrek egonaldian "erosotasun gehiegi eta guzti" izan zuten. 

Baina Omarren familiarekin egoteaz aparte, lakuntzarrek errefuxiatu eremuan sahararrak garatzen ari diren proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Sahararrak beraiek izan ziren haien berri eman zietenak. Hala, desgaitasuna duten haurrendako gizon batek antolatutako eskola bisitatu zuten. Azaldu zienez, "desgaitasuna duten pertsonek izugarrizko estigma dute, eta horri aurre egiteko muntatu zuen eskola". Bestetik, Polisarioren Nafarroako ordezkari Mohamed Gailaniren etxean bazkaldu zuten. "Sahararen berri zabaltzeko eskatu zigun. Hori da beraiendako garrantzitsuena, hemengo gobernuek han gertatzen ari dena isiltzen baitute". Eskolak ere bisitatu zituzten. 

Wilaya batetik bestera mugitzeko lakuntzarrak hartu zituen familiak aldiro Protokoloan baimena eskatu behar zuen, "ezin ginen libreki mugitu eta 18:00etarako Aaiunera itzuli behar genuen". Smara, Bojador, Auserd eta Rabunin egon ziren. 


Osasun kontsultategi batean bisitan. UTZITAKOA

Sahararrak beraien herria askatzeko borrokan mende erdi baino gehiago daramate. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela 50 urte bete ziren otsailaren 27an. Ramadama zenez, ospakizunak Aste Santura atzeratu zituzten. "Guk ez genekien ezer". Bi ekitaldi ofizialetan egon ziren: militarren desfile bat eta kirol eta gizarte arloko eragileen desfilea. Hala ere, Doran bertan ikusitakoa gehiago gustatu zitzaien. "Familiak eraman gintuen eta zerbait gertuagokoa egin zen. Emakumezkoak eta haurrak ziren gehienbat. Dantzak, kontzertuak, haurrak abesten, Italiako anarkistak... Denak lurrean eserita geunden, denak banderekin, emakumezkoak hango 'irrintzi' modukoak egiten, tea pasatzen..." 

Urteurrenaren berri Espainiako hedabideetan izan zuen oihartzun eskasa salatu dute. Sahararen auzia "mututzeko interes izugarri handia" dagoela ziurtatu dute. Horregatik, eskatu zieten sahararrek haietaz hizketatzeko. 

Gerra
Marokok eraso egin zuen Guergueraten, eta, ondorioz, sahararrek gerra egoera deklaratu zuten, Marokok hautsi egin zuelako 30 urte luze iraun zuen bake akordioa. Agiri hori Fronte Polisarioak eta Marokok 1991n sinatu zuten. Gaur egun Sahara eta Maroko gerran daude. Lakuntzarrek gerra girotik ez zuten ezer ikusi, "baina giroan sumatzen da". Ondorioak ikusi zituzten: mutilazioak zituzten gizon helduak, besoak edo hankak falta zituztenak, maki daudenak. "Familia guztiek daukate gerran hildakoren bat. Omarren kasuan, bat baino gehiago". 

Bestetik, gaur egun Marokok militarki okupatuta duen lurraldean bizi izandako sahararrak oraindik ere bizirik daude. "Wilaya batean ez ginen egon, Dakhla. Aparte dago. Saharatik ihesi joaten zen jendea napalm eta fosforo txuriarekin bonbardatu zuen Marokok. Zera psikologikoa dute. Gainera, Tinduf hiri militarra da eta aireportu militarra du. Pertsona haiek ezin zuten jasan hegazkinen zaratarik eta, horregatik, aparte eraman zituzten, lasaiago bizi zitezen". 

Marokok militarki okupatutako lurralde eta Saharako lurralde liberatuak 2.700 km-ko harresi batek banatzen ditu, minaz beteta dagoena. "Zazpi milioi daudela esan ziguten. Orain droneei-eta aurre egin behar izaten diete". Azaldu dutenez, Sahara askean jendea bizi da. 

Sahararrek eta marokoarrek duten gerra ekipamendua ez du zerikusirik. "Azkenean, jarrera kontu bat da. Horregatik guda pila irabazten dituzte. Marokoko soldaduek ez dute frontean egon nahi. Haiendako lan bat da, besteendako bizitza". Mezu hori Erresistentziaren Museora egindako bisitan jaso zuten. "1976tik 1981era Marokori hartutako armamentu militarra ikusgai dute, tankeak eta abar. Material hori egin duten herrialdeen izena irakurtzen hasten zara eta 50 urte hauetan lagundu diotenak dira: Markinan egindako kanoiak, Eibarkoak, Italiakoak, Frantziakoak… Herrialde guztietakoak". 

Minurso  
Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa da Minurso. Nazio Batuen Erakundearen bake misioa da, 1991n sortua. Bere helburu nagusia saharar herriarendako autodeterminazio erreferenduma antolatzea eta gainbegiratzea eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko su-etena zaintzea zen. "Izugarrizko meritua dute sahararrek. Pasa duten guztia pasa ondoren, duten jarrera izatea... Saharar pazientzia deitzen dena. 50 urte pasa dira eta beraien sorterrira bueltatzeko itxaroten eta itxaroten ari dira". Sahararrek duten "duintasuna" nabarmendu dute. "50 urte han utzita, inork kasurik egin gabe, eta, hala ere, berean jarraitzen dute. Autodeterminazioa lortuko dutela sinisten dute. Izugarrizko meritua dute". Hala ere, helduen eta gazteen artean aldea sumatu dute. 

Gaineratu dutenez, "50 urtetan zerbait egonkortzeko beta eman die, baina errefuxiatu eremuetan ez dute erabat egonkortu nahi. Batzuek ez dute adreiluzko eraikuntzarik jaso nahi, sorterrira bueltatzeko esperantza dutelako. Egonkortzea sorterrira bueltatzeari uko egitea bezala ikusten dute. Horregatik, ez dago oso ondo zainduta lekua". Gatazkari buruzko hainbat ideia politikorekin topo egin zuten lakuntzarrek, batzuek ezkor, itxaropentsu besteak. "Baina, orohar, harrotasun puntu bat dute. Eta izugarrizko pazientzia". 


Eskola batean bisitan. UTZITAKOA

Lakuntzarrek esan dutenez, "Espainiarekin erabateko desengainua dute. Gobernuak Marokoren autonomia proposamena onartzeari haiek 'bigarren traizioa' hots egiten diote. Eta diplomazia bidea... Horregatik bueltatu ziren gerrara, Donald Trumpek Sahara marokoarra dela onartu ondoren, denak bere atzetik joan zirelako". Hala ere, "sahararrek politikarien eta herritarren artean bereizten dute. Hemendik izugarrizko laguntza jasotzen dute eta oso eskertuta daude". 

Okupatutako Saharak makina bat baliabide ditu. "Marokok kostaldea, arrantza, kudeatzen du. Ez dakit datu zehatza, baina jaten dugun olagarroaren eta txibien %85 inguru hangoak dira. Bucraako meategietatik fosfatoak ateratzen dituzte. Ez dakit zer den garrantzitsuagoa arlo ekonomiko hori edo Marokok migrazio hesiez egiten duen kudeaketa. Azken horiek zabaltzeko mehatxua egiten du tarteka. Bi gauza horiekin ari da Maroko".    

Tindufetik bueltan "maitasun sentimenduarekin batera benetako ezintasuna" sentitzen dute. Baita amorrua ere. "Etorri eta egunerokoan hasten zara, hura amets bat izan zela dirudi. Eta pentsatzen jarrita: haiek han jarraitzen dute. Haiei buruz hitz egiteko, besterik ez ziguten eskatu. Barrura sartzen zaizu". Horregatik, material bilketan emandako laguntza eskertzeko, Saharatik bueltan Auzmendik hiru eskoletan Sahararen berri emateko aurkezpenak egin zituen. Lagunei eta galdetu dioten guztiei eman die Sahararen berri, "Palestinaren berri badute, baina Sahararen berri ez". 


Garaipenaren ikurra egiten. UTZITAKOA


Oporrak Bakean

Saharako errefuxiatu eremuko haurrak Nafarroan udan bi hilabetez egoteko antolatutako programa da. Anas elkartea da arduraduna. "Programak merezi du. Haurrei mesede egiten die. Tindufen udan 50 gradu inguru daude. Berotik ihes egiteagatik bakarrik, merezi du. Baina haurren egonaldia baliatzen da osasun azterketak egiteko, han ez baita hain erraza. Eta izan ditzaketen elikadura gabeziak saihesten saiatzeko". Nabarmendu dutenez, Sahararen egoeraren berri emateko beste modu bat da ere programa. 

Egonaldiaren ondoren lakuntzarrek argi dute Saharako haurrek horrelako programen beharra dutela. "Omar pozik etortzen da, eta pozik bueltatzen da". Egonaldien balantzea eginda, esan dutenez, "berarendako, guretako eta gure haurrendako mesedegarria izan da, esperientzia oso ona". Azaldu dutenez, programak 1979tik dago martxan, baina gero eta familia gutxiago dago prest halako harrerak egiteko. Esperientzia bi aldeendako ona dela azpimarratu dute. Anasekin harremanetan jarri nahi dutenek anasnavarra@hotmail.com e-posta helbidera idatzi edo 626 502 495 telefono zenbakira hots egin dezakete. 

Omar bezala Oporrak bakean programarekin hona etorri izan ziren heldu askorekin ere topo egin zuten. Denek egonaldiak "politak" izan zirela dute gogoan.  

 

Elkartasun lasterketa

Zabalarte mendi taldeak Lakuntza-Aralar mendi lasterketa elkartasun ekimen bihurtu zuen eta lortu zen dirua Anasendako izan zen, Sahararen Lagunen Nafarroako Elkartearendako. Lasterketaren bezperan, maiatzaren 30ean, larunbat arratsaldean, Ali Saidah saharar musikariak kontzertua eman zuen plazan. Bitartean, elkartasun dortsalak borondatearen truke salgai egon ziren, eta elkartasun lasterketan parte hartzeko aukera ematen zutenak. Haiek apaintzeko aukera izan zen. 

Lasterketaren egunean, maiatzaren 21ean, igandea, 09:45etik 10:15era elkartasun lasterketa egin zuten plazan. Lasterketa plazari buelta bat ematean zatzan. Elkartasun dortsalak borondatearen truke salgai egon ziren ere. Gainera, Anasen haiman saharar erara tea nola egin erakutsi zuten.