Txirrindularitza amateurrena sona handia du Nafarroako Itzuliak. Aurten 63. edizioa jokatu da eta zapore berezia izan du, hasieratik bukaeraraino nafar batek, Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarrak (Equipo Cortizo) kontrolatu eta garaipena lortu duelako. Lakuntzarrak Hiriberrin hasi eta Oderitzen bukatutako lehen etapa irabazi zuen, eta gainontzeko etapetan denetariko erasoak eutsi eta merezitako garaipena lortu du.
Maiatzaren 31n jokatu zen laugarren eta azken etapa, Iruñean hasi eta Allon despeditu zena (133,6 km, Goñi, Girgillano, Lezaun, Eraul eta Olejua gainak). Bezperan, Erratzu eta Urdax/Urdazubi artean jokatutako etapa nagusian, tartean bost portu gogor zirela, ongi aritu zen Aimar Tadeo, hirugarren sailkatu baitzen. Azken etapara Kevin Alexander bigarrenari (Telco-On Clima Oses) 11 segundo ateratzen zizkiola iritsi zen lakuntzarra.
Azken etapan mugimendu handia egon zen, ihesaldi asko, baina Equipo Cortizok lanak ongi egin zituen. Alain Suarez (BBK-Euskadi 23 urtez azpikoa) izan zen azkarrena, Jon Conejerori (Smartlog Nest) 2 segundo aterata. Aimar Tadeo tropelean sartu zen, faboritoekin batera, 32 segundora, eta Nafarroako Itzuliko lidergoari eutsi zion, merezimendu osoz (14:11:21). 11 segundora Kevin Alexander Velasquez (Telco-On Clima Oses) sailkatu da, eta 30 segundora Adria Regada (Rural Kutxa-Alea). Aimar Tadeo Nafarroako Itzuliko lehen nafarra izan da, Adria Regadak mendiko maillota irabazi du, Unax Olanok (Grupo Eulen Amenabar) tartekako helmugen maillota, eta Rural Kutxa-Alea talderik onena izan da.