Afizionatuen mailako 63. Nafarroako Itzuliak hasieratik bukaerara protagonista nagusia izan du: Aimar Tadeo Arkauz (Equipo Cortizo). 21 urteko lakuntzarrak itzuliko lehendabiziko etapa irabazi zuen, eta bukaerara arte maillot gorriari eutsi zion, proba prestigiotsua irabaziz. Talderik onena Rural Kutxa-Alea izan da, Mikel Uncilla etxarriarra tartean zela.
Erraz laburbiltzen da: lehendabiziko etapa irabazi, eutsi, eta garaipena. Baina atzean sekulako lana egongo da, ezta?
Atzetik sekulako lana dago, ordu asko. Oso pozik nago.
Equipo Cortizo talde galiziarraren helburua zein zen? Sailkapen nagusiagatik borrokatu edo etapa garaipenen bat lortu?
Taldean aurretik lasterketa guztiak irabazi nahi dituzte (kar-kar). Ni sentsazio onekin nengoen, eta taldea oso motibatuta etorri zen Nafarroara. Hasieratik etaparen bat irabazi eta sailkapen orokorra erabaki nahi genuen, eta hala izan da.
Aurten Nafarroako Itzulia etxean hasi zen, Hiriberrin.
Bai, ibilbidea primeran ezagutzen nuen, ia egun guztietan bertatik pasatzen bainaiz. Errepideak ongi ezagutzen ditut, eta horrek ere indarra eman zidan.
Etapa garrantzitsuena hirugarrena zen, Urdaxen despeditu zena, makina bat mendate tartean. Hirugarren sailkatu zinen, eta orokorrean 11 segundo atera zenizkion Kevin Alexander Velasquezi (Telco-On Clima Oses). Garaipena eskura zenuela sentitu al zenuen?
Etapa garaipen horrek konfiantza eman zidan. Sentsazio onekin jarraitzen nuen. Hirugarren etapan taldea ikaragarri portatu zen nirekin: egun guztian alboan izan nituen. Eguna ongi gainditu nuen eta, gainera, denbora gehiago sartu nion bigarrenari, 11 segundo guztira. Horrek azken egunerako punch bat gehiago eman zidan.
Taldekideez inguratuta egon zara. Talde ikusgarria da zurea.
Taldea hamarrekoa izan da; nire ondoan sentitu ditut uneoro.
Azken etapan erasoak egon ziren, baina ongi kontrolatu zenituzten. Nafarroako Itzulia irabazi zenuen, lehen nafarra, eta Velasquez bigarrenari 11 segundo atera zenizkion. Guztia primeran atera zen.
Iruñea eta Ollo arteko azken etapan urduritasun puntu bat neukan. Jendea tropelean mugitzen hasi zen, baina ongi mantendu nintzen aurrean, taldearen babesarekin, eta nahiko ongi pasatu genuen eguna. Maillota mantentzeaz gain, Martin Solhaug Hansen taldekidea laugarren postuan sartu genuen. Egia esan, egun bikaina izan zen.
Itzulia irabazita, zer izan zen burutik pasa zitzaizun lehendabiziko gauza?
Familia. Osasun arazo batzuk tarteko, aurten ez da guretako urterik onena izan, eta beraiekin gogoratu nintzen lehenengo, arrebarekin bereziki, pasa dugun guztiaz. Helmugan zeuden, gainera, eta oso polita izan zen. Orain gurasoek ezin dute lasterketetara etorri, eta ahalik eta hobekien eramaten saiatzen ari naiz, baina gogorra da zure familia ez egotea. Taldearengatik oso babestuta sentitzen naiz, eta aiton-amonak, osaba-izebak eta lehengusuak hor daude ere bai. Itzulia familiari eta taldeari eskaintzen diot.
Afizionatuen laugarren urtea duzu hau, eta aurten emaitzak iristen ari dira. Gorlako Igoera irabazi zenuenetik aurrean egon zara, eta Nafarroako Itzulia irabaztea pastelari ginga jartzea izan da. Horrek maila profesionalera begira jartzeko galoiak eman al dizkizu ?
Aurreko urteetan egindako lan guztien emaitzak orain ateratzen ari dira, eta oso pozik nago. Profesionaletara igotzearen inguruan, ez dut horretan gehiegi pentsatu nahi. Baina salto hori emateari begira, gertu nagoela sentitzeko konfiantza pixka bat ematen dit. Ekainaren 21ean Espainiako selekzioarekin Andorran ariko naiz eta ekainaren azken asteburuan Sabiñanigon, Espainiako Txapelketetan. Oso motibatuta nago.