Luca Martinez Los Santos junior lakuntzarrak (Garaje Tolosa/Danena) beste garaipen bat bildu du, aurtengo denboraldian seigarrena. Bezperan Elon junior mailako Nafarroako Erlojupeko Txapelketa irabazi eta gero, ekainaren 6an III. Urkiolako Igoera-Bizkaia Klasikoan aritu zen, Abadiñon (103 km). Lasterketa Espainiako Junior Koparako baliagarria zen eta estatu mailako talde garrantzitsu asko hurbildu ziren probara.
Lasterketa gorabeheratsua izan zen. Miñota Gane, Areitio Gaina, Duña Gaina eta Urkiolako Gaina mendateak gainditu behar izan zituzten. Miñota Ganeko azken pasaeran taldea sortu zen, tartean Espainiako Junior Kopako hautagai nagusiak zirela, tartean Luca Martinez, Raul Lopez, Dario Gimeno, Aitor Mata, Martin Gutierrez, Hugo Marrase, Alejandro Wymmmersch, Ion Egia, Salvador Aiala eta Felipe Mota. Areitioko igoera baino lehen tropelak neutralizatzear zituen, baina berriro indartsu hasi da taldea eta aurrera egitea lortu zuen. Portua jaisterakoan tropelak irentsi zituen. Beste saiakera batzuk egon ziren, eta tartean hiru txirrindularik egin zuten aurrera. Baina taktika erabakigarriena Urkiolako igoeran gertatu zen. Raul Lopez (Baque Movistar) tropelaren aurrean jarri eta erritmo indartsua ezarri zuen, erreleborik egin gabe eta talde nagusia apurtuz. Soilik Luca Martinezek eta Aitor Matak (MVR Academy) jarraitu ahal izan zioten, eta hirurek, elkarrekin, ihes eginda zeuden hiru txirrindulariak harrapatuz.
Elkarren arteko esprintarekin erabaki zen lasterketa. Luca Martinez gailendu zen (2:33:35); lakuntzarrak 3 segundo atera zizkion Raul Lopezi (Baque Movistar), eta 5 segundo Aitor Matari (MVR Academy). Ion Unai Gonzalez (Alimco-Campagnolo) 77. sailkatu zen (2:44:22). Espainiako Junior Kopako liderra Dario Gimeno da (Baque Movistar).