Astekaria

Jon Miranderen izkutatutako testuak argira ekarri dituen liburua, Lakuntzan

Guaixe 2026ko ekainaren 15a

Irati Jimenez eta Mikel Soto Mirande arazoa edo gu? liburuaren solasaldian. ENEIDA CARREÑO MUNDIÑANO

Irati Jimenezek eta Mikel Sotok 'Mirande arazo edo gu?' liburuaren aurkezpena egin zuten ekainaren 3an, Nafarroako Liburuaren Azokaren barruan antolatutako Bi ahotsetan liburutegi publikoetan zikloaren barruan

Bi ahotsetan Literatura Topaketak liburutegi publikoetan zikloa antolatu zuten Nafarroako VI. Liburu Azokaren barruan, eta ekainaren 3an, Lakuntzako liburutegian, Mikel Soto eta Irati Jimenez izan ziren, Mirande arazo ala gu? Jon Miranderen inguruan Sotok idatzitako liburuari buruz hitz egiten. 

Jimenezek aurkeztu zuenez "kasualitate batek" eraman zituen bikotea Lakuntzara: "Euskal idazleen elkartetik abisatu zigutenean liburuaren azoka probestuz liburutegietan bi idazleen arteko elkarrizketak antolatu behar zituzten, Mikel zegoen liburu fin-fin honen world tour egiten". Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta abarren liburuaren aurkezpenak lotuta zeuden, eta zikloaren baitan antolatutako hau Lakuntzara eraman zituen. 

"Normalean halakoetan egiten dudana da azaldu zer den liburu hau", gaineratu zuen Jimenezk. Mirande arazo ala gu? liburua, beraz, Sotok Tene Mujika bekaren ondorioz idatzitako liburua da. Deabruaren Eskola proiektuaren harira agertu ziren testu inedito batzuekin hasi zen ikerketa. "Seguruenik ez dagoela ikerketa pentsatzen hasi zen; zenbat gauzak hartzen ditugu ikertuta bezala baina ez daude". Baita beste hizkuntzatan itzuli gabe daudenak ere. "Orduan, hori tiraka beka eskatu zuen, eman zioten, eta hain poliedrikoa eta polemizatu izan zen pertsonaia ikertzen hasi zen". Euskal idazle modernoena izanik ulertezina ere izan daitekeela esan zuen Jimenezek. 

"Azala ere oso esanguratsua da; gizon bat ikusten da, min handi batekin bizi dena"

Loa kendu dio liburua dela gaineratu zuen Jimenezek, eta Sotok berak ere. Urtebeteko "ahalegina" izan da, "urtebeteko epea zeukan, eta ahalegin heroiko bat egin zuen bukatu ahal izateko". Aurkitutakoa apalategi batean sartuko zela uste zuten, baina espero baino askoz gehiago aurkitu zuen. Liburuaren azala ere oso esanguratsua dela esan zuen Jimenezek: "Guri begira dago; orain arte ezagutzen ez genuen argazkia da. Gizon bat ikusten da, min handi batekin bizi zena". Parisen sortu, Zuberoan jaioa eta gurasoek frantsesez egin zioten beti, eta euskaldundu zen eta hainbat hizkuntzatarako erraztasuna zuen. Suizidoz hil zen. "Lehen idazle modernoa eta azkenetarikoa". Bere joera filo-naziengatik eta naziengatik "oso problematikoa" izan da eta oso oparoa euskal literaturan. 

Euskal literaturan eragin handia izan duela hasi zuen Sotok bere hitzaldia. "Ez nuen imajinatzen ikerketa hasi nuenean". Gauza esanguratsuak aurkitu dituela esan zuen, "ez da harrokeria ariketa bat". Oso azkar aurkitu zituen eta espero ez zituen Telefosforo Monzoni idatzitako gutunak eta poemak aipatu zituen, baita Euskadi Buru Batzarraren gutunak, Miranderen aurreneko idatziak, "uste zena baino bi urte lehenago hasi zen idazten"... "Sekula ez zen aspertzen". Aurkitutakoa transkribatu ondoren, Sotok jakin zuen bi alditan izan zela zentsuratua, eta 1950ko hamarkadan totalitarismo horri gerturatu zen. "Polemika asko bizi izan zituen". 

Aurkikuntzen artean Jose Mari Satrustegik sutik salbatutako proto ipuin bat dago. Satrustegik kontatu zuen nola salbatu zuen: "Euskaltzale batekin elkartu zen eta Mirande gizon zail eta tormentatua zela esan zion. Pasarte trakets bat, gordinkeria bat, zegoela esan zion, erretzeko, eta Satrustegik esan zion gordeko zuela". Satrustegiren lana Euskaltzaindian dago eta kontsultatzeko senideen baimena behar du; lortu zuen eta Harkaitz Kanori bidali zion, "eta gauean idatzi zidan". Oso kuriosoa da; zatika dago, puzzle baten antzekoa da. 

Liburua "totxo" handi bat dela aitortu zuen Sotok. Hiru klabe eman zituen Mirande hobe ulertzeko: izaera eta nortasuna, nazia, nola, norekin eta zergatik eta literaturarekiko izan zuen harremana.