Astekaria

Euskal dantzaren etorkizuna

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko uztailaren 7a

Gazteen Dantza Topaketaren kalejira Lakuntzatik. EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRA

Ekainaren 26tik 28ra Gazte Dantzarien Topaketa izan zen Lakuntzan, Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta. 70 bat dantzarik parte hartu zuten, eta, besteak beste, dantzaren inguruan eztabaidatu eta dantzak ikasi dituzte asteburu "intentsuan"

Euskal Herriko Gazte Dantza Topaketak gazteak euskal dantza taldetara "hurbiltzea eta mantentzea" helburua duen EDB Euskal Dantzarien Biltzarraren proiektu bat da, Erika Garcia EDBko koordinatzaileak eta topaketen bultzatzaile nagusietako batek azaldu duen bezala. "Haur asko daude dantzan, baina adin batera iristean joaten dira. Kezka horretan, zergatik gertatzen den jakiteko, Gazteen Dantza Topaketa sortu genuen". 2023. urtean egin zuten lehenengoa, eta aurten, ekainaren 26tik 28ra, laugarren edizioa egin dute, Lakuntzan. 

16 eta 26 urte bitarteko 70 bat dantzari bildu dira asteburuan, Lakuntzan, hemezortzi dantza taldekoak, "baina topaketetan parte hartzeko ez da dantza taldearekin parte hartu behar". Sakanatik Irurtzungo Orritz dantza taldeko kideak joan dira, eta Lakuntzako Elai Alai dantza taldeak ere topaketaren ekimenetan parte hartu du. 

Aurreko edizioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan ziren, eta aurten Nafarroa "tokatzen" zen. "Lakuntza herri txiki bat da, gazteek askatasuna behar dute baina, aldi berean, kontrolpean izan behar ditugu, eta Lakuntzan, gainera, bertako dantzak daude". Lakuntzako Pertza dantza ikasi zuten, besteak beste. "Eta Arbizun festak ziren. Normalean aukeratzen dugu herri txiki bat baina giroarekin; dantzarien artean harremanak bultzatu nahi ditugu eta horretarako aproposak dira festak". 

Hausnarketa
Ostiralean, Lakuntzara iritsi, eta "giroa berotzen" hasi ziren; elkar ezagutzeko dinamikak egin zituzten eta "Lakuntzako Pertza" dantzaren ikastaro txikia egin zuten, beranduago egin zuten aurkezpenean dantzatzeko. "Aurkezpenean saiatzen gara dantzariak parte hartzen; haiek dira topaguneko zati garrantzitsua, protagonistak". Aurkezpenean Anabel Arraiza komunikatzaile lakuntzarrak parte hartu zuen ere. Ondoren, giro musikatua egin zuten trikitiekin, "abestuz eta dantzatuz". Ostiral "intentsua" izan zela esan du Garciak: "Afal ostean hausnartzeko dinamika bat egin genuen eta bi gai landu genituen: giroa, harrera eta jarraipena eta errepertorioa, beste dantza taldeekin trukeak eta dantzaz gain zer ekintzak egiten diren dantza taldetan". Gai horiek landu ziren aurretik dantzariek galdetegi bat erantzun zutelako, "haiek erabaki zuten horiek lantzea". Ondoren, Arbizura joan ziren, "eta giro ezinhobea izan genuen".  


GDTren aurkezpena. EDB

Dantza metodologia, material txokoa eta hausnarketa txokoekin hasi zuten larunbata gazteek. "Beste modu batean irakasteko moduan, arkuak apaintzeko tailerra eta zapia eta abarkak ongi jartzeko tailerra eta lehenengo eguneko gai horiek lantzen jarraitu genuen". Atseden arteko tartetxo bat izan zuten ere gazteek, Lakuntzako kaleetatik kalejira egin aurretik:"Lakuntzako dantza taldearekin batera egin genuen eta herriko plazan bukatu genuen". Bertan lau dantza ikasi zituzten: La jota del chocolate, Arku dantza, mahaigainekoa eta Trinidad de Kuartango. "Irakasleak dantzariak beraiek ziren; Agoizko dantzariak zeuden, eta haiek irakatsi zituzten". "Merezitako" afariaren ondoren Arbizura joan ziren. 


GDT dantzak ikasten. EDB

"Nahiko nekatuta" zeuden igandean, azken egunean, eta GDTen hiru edizioetako ondorioak "modu bisualean" ikusteko aukera izan zuten parte hartzaileek. Aurreko urteetan landutakoa ikusi ondoren, bi galdera erantzun zituzten gazteek: "Zer nahi duten haien dantza taldetan aldatzea eta zer egin dezaketen beraiek dantza taldean aldatzeko". Horrekin topaketa amaitu zuten.  

"Hainbat gaztek lau edizioetan parte hartu dute eta gogoz jarraitzen dute, eta taldearen parte sentitzen dira". Haiek etorkizuna, eta oraina, direla esan du Garciak. Topaketan atera duten ondorioetako bat da "familiagatik edo tradizioagatik" joaten direla dantza taldetara, eta gero giroagatik eta lagunengatik gelditzen direla, "komunitate handi baten parte sentitzen dira, eta Gazteen Dantza Topaketak hori nabarmentzen lagundu du". 


GDT dantzak ikasten. EDB

Harro
Euskal dantzak duen erronkarik handien ikusgarritasuna dela azaldu du Garciak: "Oraindik ikusten da herri txiki batean dantza egiten baduzu arraroak bezala ikusten gaituztela; besteek beste gauza batzuk egiten dituzte; futbola da erregea, eta dantza egiten baduzu pixka bat desberdina bezala ikusten zaizu. Erronka gizartean dantzak beste era batean ikustea da". Dantzak merezi duen harrotasuna eta duintasuna aldarrikatzen dute, "bere lekua izatea. Lehen dantzak topean zeuden, baina gaur egun baztertuta sentitu dira". Barruan daudenak "harro" daudela esan du, "harro gaude, baina jende asko ez da hurbiltzen irudia hori delako". 

Gaztetxoak direnean, eta nerabezaroaren ondorioetako bat ere bada, dantza taldeak uzten dituzte, "alde batetik ikusgarritasun horregatik, iskanbilak sortzen direlako ere, eta mutilen kasuan erreferente faltagatik". Ondoren, heldutasunean dantza taldeko kide izateko nahia "itzultzen" dela azaldu du Garciak, penarekin ikusten dute dantza egin ez izana. "Baina gaztetan ez da hori gertatzen".

Harremanak
"Hau ez da asteburu bateko ekintza bat, urtean zehar jarraitu behar dugu ateratako ondorioak lantzen eta harremanak egiten". Besteak beste, harreman horiek dantza taldeen arteko trukeetan lantzen dute.