Lakuntzako lantegietan Sakana Groupek ekoizten dituen pieza asko atzerrirako dira. Kanpoko merkatu horietara tamaina horietako piezak eramateko, askotan, Lakuntzako enpresak itsasontziak erabili izan ditu, Bilboko portutik abiatzen direnak. Enpresak jakinarazi duenez, Uniport Bilbaoko kide bihurtu da. Aipatutako Bilboko Portuaren kluster logistiko multimodala da. Esparru publikoko eta pribatuko enpresa-elkarte bat da. 1994an sortu zen, eta bere helburua da Euskal Herrian hedatzen den klusterraren lehiakortasuna eta sustapena lankidetzaren bidez bulkatzea.
Enpresa lakuntzarreko arduradunek esan dutenez, "atxikimendu horrekin, Sakana Groupek bere kate logistikoa indartu eta klusterreko gainerako eragileekin koordinazioa areagotu nahi du, sektorearen hobekuntza operatiboa eta berrikuntza bulkatzen duen foro batekin bat eginez". Gaineratu dutenez, "Sakana Groupen lankidetzan aritzeko formulan sinesten dugu. Uniport Bilbaoren parte izatea beste pauso bat ematea da bikaintasun logistikoarekin eta Bilboko Portuaren garapenarekin dugun konpromisoan, hori baita gure itsas esportazioko hub nagusia".