Astekaria

"Transpyrenees egitea niretako erronka pertsonal handia izan da"

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 29a

Aitor Hernaiz Ormaetxea, Transpyrenees erronka beteta, pozarren. UTZITAKOA

Suhiltzailea ogibidez, txirrindularitza du zaletasun Aitor Hernaiz Ormaetxea lakuntzarrak. Transpyrenees Transiberica Ultracycling proba gogorrean Pirinioak gurutzatu berri ditu

1. Transpyrenees ultran 1128 km gurutzatzen dira Pirinioetan barna, Kantauritik Mediterraneora. 34 portu eta 26.000 m desnibel +. Zenbakiak ikaragarriak dira.
Bai, hala da. Aurretik Pirinioak zeharkatuta banituen, lagunekin, beste martxa batean, distantzia motzagoak eginez eta ez horrenbesteko desnibel metatuarekin. Baina proba hau beste gauza bat da, ahalik eta biderik zailena eta gogorrena bilatzen delako. Ongi prestatu beharra zegoen, eta niretako erronka pertsonal handia izan da.

2. Asistentziarik gabeko proba da; ibilbidea jasota, norberak antolatu behar du nola egin.
Proba hauek orain modan jartzen ari dira, baina, berez, txirrindularitzaren hastapenetako proba haietara jotzea bilatzen dute. Tourreko hasierako etapak 300-400 kilometrotakoak ziren, eta txirrindulariek autoerregulatu beharra zuten. Hemen, berdin. Ibilbidearen track-a astebete lehenago ematen dizute, eta non lo egin, non elikatu... dena zure kontu. Geldialdiak ibilbidean dauden supermerkatuen arabera planteatu ditzakezu, baina bidean beti daude kontrolatu ezin diren aldagaiak; A plana pikutara joan daiteke eta B edo C planak martxan jarri beharko dira. 

3. Plangintzak norberaren erronkaren araberakoak izango dira.
Jakina. Proba bukatzea zen nire erronka. Bost egun eta erdian bukatu nuen, baina badaude hiru egunetan bukatu zutenak. Horiek ez dakit hiru egun horietan guztira 6 ordu lo egingo ote zuten, eta ziurrenik ibilbidean nonahi etzan, ordu pare bat lo egin eta martxa! Nire lehenengo aldia zenez, ez nekien gorputzak nola erantzungo zuen eta nahiago nuen ostatuetan lo egitea, atseden hartzeko. Gutxienez egunero 6 ordu lo egitea. Hala ere, egunero 12-14 bizikleta ordu ateratzen zitzaizkidan, 5000 m+.

4. Zein eguraldi izan duzue? 
Pirinioetan izan daitezkeen eguraldi mota guztietatik pasa ginen. Pasaiatik ekainaren 28an atera ginen, iparra sartuta zegoela. Beraz, lainoa eta langarra izan genituen. Iratira iritsi eta sekulako ekaitza; inoiz bizi izan dudan ekaitzarik potenteena. Haran bailarako Vielha-ra sartuta, aldiz, eguzkia ateratzen hasi eta beroa iritsi zen, baina ikaragarrizko beroa, itogarria. 

5. Kataluniako Llançara bitartean, 34 portu ezagun bezain gogor: Jaizkibel, Izpegi, Larraine, Aubisque, Col de Tentes, Tourmalet, Peyresourde, Col de la Bonaigua, Col de la Brousse... 
Proban sartuta zaudenean, entxufatuta zaude, eta erronka pedalei ematea da; ia ez duzu besterik ikusten. Aurretik mendate gehienak ezagutzen nituen, ederrak dira. Aubisque hirutan igo dut, baina hiruretan lainopean. Oso polita omen da, baina ez dut ikusi. Kataluniako portuak ere oso politak dira, Mediterraneo kutsuarekin; paisaia berezia.

6. Batekin geratu beharko bazina...
Col de Tentes (2208 m), agian. Tourmalet azpiko Luz Saint Sauveur-etik abiatuta heltzen da bertara, eta probako punturik garaiena zen. Gailurra eginda, aurrez aurre Taillon mendiaren (3144 m) ipar aurpegia ikusten da, sekulako ikuspegia. 

7. Transpyrenees bakarrik edo lagunekin egin duzu?
Bakarrik, ez nuen inor konbentzitu. Baina han egonda, jendea ezagutu eta probak zure maila bereko pertsonekin jartzen zaitu. Azken bizpahiru egunak pertsona berberekin kointziditu nuen, Errenteriako Mikelekin, esaterako. Bakoitza bere erritmora gindoazen, baina mezuak bidaltzen genizkion elkarri, iturri bat edo denda bat non zegoen abisatzeko. Halako lotura bat egin genuen, oso ongi.

8. Sakandarren bat al zegoen?
Euskaldun dezente geunden, baina nik behintzat ez nuen sakandarrik ikusi. 

9. Estropezuren bat izan zenuen?
Col de Tentes "portu laguna" zen, hau da, ibilbidetik kanpo zegoen; hau da, hura igo, jaitsi eta berriz ibilbidera bueltatuz, aurrera jarraitzen zenuen. Horregatik, mendatea igotzerakoan poltsak nonbaiten uzteko aukera genuen. Nireak zuhaitz baten azpian ezkutatu nituen, baina portutik jaisterakoan ez zeuden. Neguko arropa, kargagailua eta hipotiroidismorako botika nituen bertan. Kreditu txartela atera eta udako estraren zati majo bat gastatu behar izan nuen.

10. 1128 km, 34 portu, 26000m+... ez al da gehiegizkoa?
Pasada bat da, noski. Bukatu ondoren, hurrengo zazpi-zortzi egunetan nire gorputzak jana eta loa eskatzen zuen. Ez nuen besterik egiten. Gorputza kexatu egiten da. Ez dut uste osasuntsua denik edo mediku batek gomendatuko lukeenik. Eta Kataluniako bero haiekin... Eguerdian 37 gradutara geunden. Izotz poltsa handia erosi eta izotzak maillot eta culotte barruan eta motxilan sartu nituen, gorputza hozteko. Gorputzaren tenperatura jaitsita, ondoren askoz hobeki aritu nintzen. 

11. Erronka lortuta, pozik?
Bai, orain hasi naiz lortutakoa dastatzen. Lehendabiziko egunetan gazi-gozoa zen dena, baina egun batzuk pasatuta pentsatzen dut: "han pasatutakoak ez ziren makalak izan!" Nolanahi ere, uste dut halako proben harra sartu zaidala; noizbehinka halako erronkari bati aurre ez litzateke gaizki egongo.