Lakuntzako Zelai Berrin belar artifiziala jartzeko lanak despeditu dira. Horretaz gain, futbol 7 zelai txikia prestatu dute, eta beste makina bat hobetze lan egin dira, harmailak berritu eta beste. Uztailaren 25ean, larunbata, 11:00etan, mustutze ekitaldia eginen dute. Atetik sartu eta berehala argazki erakusketa egongo da. "Adur Kanporen ideia izan da. Miguel Angel Aretarekin argazki zaharrak biltzen aritu da, eta beste berriagoak ere badaude" azaldu du Lagun Artea Kirol Elkarteko idazkari Ainhoa Etxarrik. Ate berrian Javier Andueza izena ageri da. "Zelai Berri Javier Andueza" izena hartu du Zelai Berrik, Javierrek urte luze hauetan belarra zaindu eta bestelako mantenu lanak eskertzeko".
Hasieran, Oihane Uribeetxeberria alkateak eta Javier Hernandez Lagun Arteako presidenteak hartuko dute hitza, proiektuaren berri emateko. Segidan, Elai Alai taldeko dantzariek aurreskua dantzatuko dute. Lagun Artearen ereserkiaren txanda izango da ondoren. Bere garaian Anabel Arraizak eta herriko musikariek sortu zuten ereserkiaren eguneraketa eta moldaketa egin du Iñigo Aldunatek. Ozarki txarangak ereserkia joko du, eta Lakuntzako abesbatzak abestu. Bestalde, herriko musika taldeetan jotzen duten musikariek ereserkiaren interpretazio bat egin dute rock doinuekin, eta bertsio hori entzuteko aukera izango da. Lagun Artea herriko taldeekin harremanetan jarri da.
Hamar taldeen aurkezpena
2026/2027 denboraldiko taldeen aurkezpena egingo da segidan. Aurten hamar talde izango dira, iaz baino bat gehiago, 300 futbolaritik gora: benjaminen bi talde, kimuen beste bi, infantilen bi talde, kadeteena, jubenilena, erregional taldea eta Osasuna Genuine Ligako talde inklusiboa. Aurkezpenaren ondoren Lagun Artea erregionalak Lagun Arteako beteranoen kontra futbol partida jokatuko du, eta bestelako sorpresaren bat egongo da. Bukatzeko, auzatea.