Txirrindulariak

Luca Martinezen garaipena

Guaixe 2026ko uztailaren 24a

Luca Martinez, Undianoko helmugan. Lakuntzarra Iruñerriko Itzuliko hirugarren etapako protagonista izan da. MARTIN EARLY

Tolosa/Danena taldeko lakuntzarrak Iruñerriko Itzuliko hirugarren etapa irabazi zuen Undianon.Sailkapen orokorrean seigarren postura igo da eta mendiko maillota galdu du, baina lehen nafarra da, eta erregulartasuneko sailkapeneko lehena.

Uztailaren 23an Undianon jokatutako juniorren XXXX. Iruñerriko Itzulian (98,4 km) etapa biribila jokatu zuen Luca Martinezek. Beroagatik makina bat txirrindularik proba utzi zuten, baina Tolosa/Danenako txirrindulari lakuntzarra lehen lerroan egon zen. Hasieran despistatu zen, baina etapa erdian aurretik zegoen taldetxoan sartu, eta mugimendu guztiei adi egon zen, Undianoko azken maldan erasoa jo eta helmugara bakar-bakarrik iritsiz (2:31:54), eta garaipen garrantzitsua lortuz. 2 segundo atera zizkion etapa bikaina egin zuen Bastian Laffitteri (Team Iparralde) eta 15 segundo Pau Budallesi (Autovivo Evarm). Eritz Atxega liderra (Ampo) bederatzigarren sartu zen, 39 segundora. 

Hirugarren etapak sailkapen orokorra gehiago estutu du. Eritz Atxegak jarraitzen du lider (7:54:50), 6 segundora Eneko Ugartemendia (Garaje Tolosa/Danena) eta 15 segundora Santiago Delgado (Purito Cycling Team) dituela. Luca Martinezek gora egin du eta seigarren postura igo da, 1:34ra. Martinezek mendiko maillota galdu du, baina lehen nafarra da eta erregulartasunaren sailkapenean lehena. Pozik dago lakuntzarra. Azken etapan dena eman eta nahi du, berak bigarren garaipena lortu eta Eneko Ugartemendia taldekidea lider egiteko. "Denaren bila aterako gara" azaldu du. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ekai Erdozia (Sakana Group-Aralar) 35. postuan dago sailkapen orokorrean, Unai Gomez (Quesos Albeniz-Burunda) 57. eta Urko Oiarbide (Sakana Group-Aralar) 61. 

Azkena
Gaur, uztailak 24, despedituko da XXX. Iruñerriko Itzulia, Iruñeko Redineko Zaldi Zurian 17:00etan hasi eta 19:40 aldera despedituko dena (111 km). Bi mendate izango dituzte tartean, bigarren mailako Orendain eta hirugarren mailako Orendain, eta hiru murru edo gain, Etxauri, Jugondo eta Ziriza. Sailkapena estu dagoenez, denetariko erasoak aurreikusten dira.