Uda Sakanan 2026

"Kakorratzak engantxatzen du; talde terapia da, deskonektatzeko ezin hobea"

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 31

Lakuntzako kakorratz taldekoek euren zaletasunarekin izugarri gozatzen dute, udan ere bai.

Kakorratz lanak, crochet-ak edo amiñek esaten zuten bezala "gantxillue"-k batu ditu lakuntzar hauek. "Crochet-eko neskak, oso ongi geratzen da" dio Edurnek, irribarrez.

Guztia kakorratz ikastaroarekin hasi zen, duela hiru urte. Nuria dute irakasle. "Duela 12 urte inguru etorri nintzen Etxarri Aranatzera bizitzera. Logroñokoa naiz, eta bertan hasi nintzen kakorratze lanetan. Artileak edo lanak saltzen dituzten denda batera sartu, eta kakorratz lanetan hasi nintzen, zaletasun hutsarengatik. Club del Tejedor delakoan hasi nintzen. Kakorratz lanak egitearen aitzakiarekin, lagun taldea elkartzen ginen eta oso gustura pasatzen genuen". Etxarri Aranatzera etorrita, ideia hori zuen buruan. "Jendea atera eta sozializatzeko zerbait egin behar nuela erabaki nuen. Zergatik ez diet gantxilloa egiten irakasten? Eta horrela hasi zen dena" du gogoan. Etxarri Aranatzen eta Lakuntzan ematen ditu klaseak. Lakuntzan duela hiru urte, jubilatuetan, eta aurten Agurainen hasi da.

Lakuntzan adin eta izaera askotariko taldea bildu da kakorratzaren inguruan. Gehienbat emakumeak dira. "Hilabete batez mutil gazte bat etorri zen, eta berehala ikasi zuen, oso azkar" kontatzen du Inesek. Taldea zer den ongi laburbildu du Maria Jesusek. "Etxetik atera eta jendearekin elkarlanean tarte batean gustura egotea da kontua; eta, bitartean, gantxilloa egiten dugu".

Gehienek ikastaroan ikasi zuten kakorratza egiten. "Inesek ez zekien gantxilloa egiten, ezer ere ez, eta orain biloba guztiak jantzita ditu!" dio Nuriak. "Ni tapete tipiko horietaz gogoratzen nintzen, eta gantxilloa gorroto nuen. Baina behin Maren ikusi nuen txano polit batekin eta Gaizkanek berak egin zuela esan zidan. Jasonek esan zidan: kakorratza egitea pasada bat da, lasaitzeko momentu bat da. Eta animatu nintzen. Gogoan dut Nuriari esan niola: 17:00etatik 20:00etara gantxilloa egiten? Ni ez naiz horrenbeste egongo. Eta hori eta gehiago!" kontatzen du Edurnek.

Ikastaroan taldeka aritzen dira, eta etxean bakarka. "Kakorratzak izugarri engantxatzen du. Ikastaroan kamiseta edo dena delakoa hasten badugu, etxean segitzen dugu" dio Elenak. "Horregatik esaten diet bi kakorratz lan izan ditzatela, bata pentsatu beharrekoa, ikastaroan egiteko eta zalantzak elkarrekin argitzeko, eta errazagoa dena, etxean telebista aurrean lasai egitekoa" gomendatu du Nuriak.

"Etxetik atera, jendearekin gustura bildu, eta bitartean gantxilloa egiten dugu"


Terapia entretenigarria
Kakorratza ikastea nahiko erraza dela uste dute. "Hastea da, jartzea" uste du Edurnek. "Lehendabizi kateak edo kadenetak egiten ikasten da, gantxilloaren maneiua ikasteko. Soilik lau puntu daude: puntu baxua, kadeneta, puntu erdi-altua eta puntu altua. Lau puntu horiek dira, eta gero horiekin jolastu, bariazioak egin" azaldu du irakasleak. Materialak eguneratu dira. "Lehen betiko metalezko orratzak ziren, eta orain horiez gain koloretako plastikozkoak daude, ergonomikoak direnak, meharragoak, potoloagoak... denetatik. Eta gero, artilea edo lana. Uda aldera, finagoa edo kotoizkoa, eta negu aldera potoloagoa, artilezkoa. Material berriak erabiltzen ditugu ere:errafia, soka...".

Guztiak ados daude: kakorratzak asko engantxatzen du, izugarri. "Bai kakorratzak eta baita kakorratzak dakarren guztiak: elkartzea, eta gantxilloa egiten gustura egotea. Egun batzuetan barre egiten dugu eta beste batzuetan negar. Hau erabateko terapia da, talde terapia. Oso ongi dator deskonektatzeko" dio Maria Jesusek. Edurnek gaineratzen duenez, "finean, egunerokoaz gelditzea da. Gelditzen zara, eta egunerokoa albo batera uzten duzu, horrek dakarren guztiarekin. Primeran dago".

Urte osoan aritzen dira. "Berez, ikastaroa irailean hasi eta maiatzean despeditzen da, baina gure kabuz ia astero jubilatuetan geratzen gara".

Kartera txikiak, nezeserrak, txalak, poltsatxoak... eta halako gauza errezetatik hasita, produktu landuagoetara pasatzen dira: txanoak, poltsak, top-ak, soinekoak, zapiak, patukoak, txaketak, gerriko antzekoak, bandanak... Nuriak ekartzen dizkie patroiak eta modeloak. "Hasieran lan zuzenak egiten hasten gara, eta gero zirkuluan lan egiten ikasten dugu" dio Nuriak. Gainera, orain crochet-a modan dago. "Dendetakoak eta etxekoak alderatuta, nolako aldea!" uste du irakasleak. "Orain eskariak ditugu; bilobekin txandaka aritzen naiz" dio Inesek, irribarrez. "Kakorratza oso eskertua da. Ezer jakin gabe hasi, eta berehala gauzak sortzen dituzu" Edurnek.

Idoiak ikusmen arazoak ditu, baina ukimenarekin moldatzen da kakorratz lanak egiteko. "Ezin naiz patroi zaileko gauzak egiten hasi, lan uniformeak egiten ditut. "Txano super polita" bukatu berri duela kontatu du Inesek.

Kakorratza egitea "mundu guztiari" gomendatzen diote, eta "ateak guztiz irekita" dituztela nabarmendu dute, "genero eta agin guztietako jendeari. Denak ongietorriak dira". Gainera, harreman politak sortzen direla kontatu dute. Lakuntza, Arruazu, Dorrao, Irañeta, Ihabar... toki askotatik biltzen dira ikastaroan, astelehenetako eta ostegunetako taldeak gehituta, 15-20 pertsona. Ikastaroa hasi bitartean, Whatsapp taldean jartzen dute hitzordua: "norbait etorriko da gaur?" Eta plana, egina.