Astekaria

Iker Uriberen ilustrazioak

Erkuden Ruiz Barroso

Jon Ander Urkiaga idazlea 'Ikastolan mamuak daude' Iker Uribek ilustratutako liburuarekin. EREIN

Erein argitaletxeak argitaratutako 'Ikastolan mamuak daude' liburuaren marrazkiak egin ditu ilustratzaile lakuntzarrak; lehenengo aldia da argitaletxe baterako lan egiten duela. Horma irudiak egiten jarraitzen du

Iker Uribe ilustratzaile eta horma irudigileak Ikastolan mamuak daude Jon Ander Urkiaga idazlearen liburuaren marrazkiak egin ditu. Erein argitaletxetik ilustratzaile lakuntzarrarekin harremanetan jarri ziren, eta argitaletxearen Igelio Igela saileko liburua ilustratzeko proposatu zioten. Lehehengoa aldia da Uribek argitaletxe batek "zuzenean" deitzen duena, "bai proposatu izan didatele pertsona partikularrek edo idazleek haiek idatzitako ipuinak edo liburuak ilustratzeko, baina argitaletxe bat lehenengoa aldia da". 

Proiektuari baiezkoa eman ondoren, Urkiagarekin harremanetan jarri zen Uribe: "Hitz egiten egon ginen eta argitaletxeak ere ipuina bidali zidan; irakurri nuen, barneratu nuen eta zuenean marrazkiak egiten hasi nintzen". Idazlearekin eta argitaletxearekin "hartu emana" egon zela azaldu du ilustratzaileak: "Bozetoak bidali nizkien eta nondik norakoak bidaltzen zizkidaten". Pixkanaka itxura hartzen joan zen. 

"Jon Anderrek askatasun handia eman zidan. Bozetoak egin nituenean, bidali nizkion eta gustatu zitzaizkion; asko. Askatasun hori eman zidan". Hasiera batean Uribek modu baten planteatu zuen, "eta argitaletxeak aholkuak eman zizkidan; kasu honetan argitaletxe bat, bilduma baten parte denez, zeresan handia dauka argitaletxeak".  

Besteak beste, Uribek 'Ni neu galtzeta' eta 'Xaxardi' ipuin ilustratuak Joana Zigandarekin eta Lakuntzako kondaira kontatzen duen Astoaren putza Garazi Otsagabiarekin liburuak argitaratu ditu. "Kasu honetan, Ikastolan mamuak daude ipuina irakurtzen dakiten eta irakurzaletasuna sustatzeko haurrei zuzenduta dago, 8 urtetik gorako gaztetxoendako da". Hortaz, ilustratzaileak azaldu duenez, istorioak pisu handiagoa dauka eta testua luzea da: "Niri sei ilustrazio eta azala egitea eskatu zidaten". Liburua hartuta pisu gehiena testuak duela azaldu du: "Ilustrazioek testua janzten dute, kolorea ematen diote kontatzen den istorio horri". Orain arte landu izan dituen lanak, aldiz, haur gaztetxoagoendako dira eta album ilustratuen forma dute: "irudiak eta testuak pisu berdina dute".

Album ilustratuak sortzen dituztenean idazlearekin "hartu emana" estuagoa izan ohi dela azaldu du ilustratzaileak: "Azkenean bion arteko lan bat delako; harremana oso estua da. Idazleak askotan gauzak proposatzen ditu, hau horrela kontatu dezakegu edo irudietan beste hau sartuko nuke. Beste modu batera egiten da". 

Horma irudiak 
"Momentu honetan horma irudietan las asko daukat". Azken lanen artean Eritzegoitiko Perratokia eta Leire mendizerrako Erronkariko artzainen borda daude. Gainera, ilustrazio, marrazki eta horma irudien ikastaroak eta tailerrak ere egiten ditu Uribek. "Esan dezakegu liburuen mundua, tamalez, ez dela hainbest irakurtzen, eta euskaraz gutxiago, orduan zailagoa da hortik bidea egitea". Horma irudiak margotzen hasi zen eta "asko" gustatu zitzaion: "Hortik gehigato jaten dut eta gehiago mugitzen naiz". 

Ipuinak ilustratzeko "proiektutxo" batzuk baditu hortik, "baina askotan izaten dira borondatezkoagoak edo pertsonalagoak". Negu aldean horma irudien sasoia jaisten denean, ilustrazio proiektuetan sartzen da. "Zerbait badago".