2026ko Munduko Txirrindularitza Txapelketak Montrealen (Kanada) jokatuko dira irailaren 20tik 27ra. Espainiako selekzioko txirrindularitza hautatzaileek taldeak zehazten ari dira. Eliteen mailan Alejandro Valverde hautatzaileak zehaztutako taldeko kidea izango da Igor Arrieta Lizarraga uhartearra. Enric Mas eta Juan Ayuso liderrak laguntzea izango da bere lana.
Bada, irailaren 10ean jubenil mailako Espainiako selekzioen berri eman zuten, eta “Lute” Anguitak gidatzen duen mutilen selekzioan sakandar bat ariko da lehenengoz: Luca Martinez Dos Santos. Lakuntzarrak Aitor Martinez, Benjamin Noval eta Raul Lopez izango ditu taldekide selekzioan. Azken bi hauek irailaren 22an jokatuko den erlojupekoan lehiatuko dira (20,3 km). Talde osoak, aldiz, irailaren 24an, osteguna, errepide lasterketa gogorra dute aurretik (134 km). Mont-Royal zirkuituari 10 itzuli eman beharko dizkiote, eta Camillien-Houde igoera exijentea izango da gakoa.
Palmares ederra
Montrealgo Munduko Txapelketan aritzea opari ederra da Luca Martinezendako. Lakuntzarra sekulako denboraldia egiten ari da Tolosa Danena taldearekin. Aurten zortzi garaipen bildu ditu: Villatuertako Circuito San Veremundo, Memorial Santi Segú, Lacturale Junior Saria, Lizarra Klasikoa-Manolo Azkona Memoriala, Nafarroako Erlojupeko Txapelketa, Urkiolako Igoera, Iruñeko Itzuliko hirugarren etapa (seigarren izan zen sailkapen orokorrean) eta Triptyque Ardennais-eko bigarren etapa (sailkapen orokorrean bigarren izan zen). Madrilgo Itzulian dirdira egin zuen eta aurreko postuetan egon zen lehen bi etapetan, eta Espainiako Txapelketetan bosgarren sailkatu zen.