Irailaren 20an Montrealgo (Kanada) bidea hartu zuenLuca Martinez Los Santos txirrindulari lakuntzarrak (Tolosa/Danena), irailaren 20tik 27ra jokatzen ari diren Munduko Txirrindularitza Txapelketetan Espainiako junior mailako selekzioarekin lehiatzeko. Handik bueltan, eta guztia ongi badoa, Liublianara (Eslovenia) abiatuko da, urriaren 2tik 7ra erabakiko diren Europako Txapelketetan aritzera. Denboraldi bikainarendako, ginga ezin hobea.
Jubeniletako bi urteetan lortu duzun palmaresa itzela da. 2025 denboraldian zazpi garaipen lortu zenituen, eta aurten, momentuz, zortzi dituzu. Espainiako junior txirrindularitza taldeko hautatzaile Lute Anguitaren deia ez da harritzekoa.
Joan zen urtea oso ongi atera zen, baina helburua zen jubenilen mailara ongi egokitzea zen. Aurten, aldiz, denboraldiko helburu nagusiena Mundialetan aritu ahal izateko hautatzailearen deia jasotzea zen. Horren bila joateko hiruzpalau lasterketa edo helburu zehaztu genituen hasieratik. Gauzak ongi atera dira, eta azkenean selekzioko taldean sartzea lortu dut.
Hasieratik hasi zinen garaipenak lortzen: Villatuertako San Veremundo, Santi Segu Memoriala, Lacturale Junior Saria, Lizarra klasikoa, Nafarroako Erlojupekoa, Urkiolako igoera, Iruñerriko itzuliko hirugarren etapa eta Triptyque Ardennais-eko bigarren etapa. Espainiako selekzioarekin ikusgarri aritu zinen Volta Castellon eta Madrilgo Itzulian, eta Espainiako Txapelketetan bosgarren sailkatu zinen. Erregulartasun handia izan duzu.
Erregulartasuna, batetik, baina batez ere esango nuke Tolosa/Danena taldeko Xabi entrenatzailearekin aurtengo helburuak zein ziren ezartzea oso garrantzitsua izan dela, eta horren bila joan garela. Lasterketa asko kanpoan izan dira, nire maila erakusteko garrantzitsuak, eta taldeak asko lagundu dit. Esaterako, denboraldia hasi baino lehen Santi Segu irabazi beharra nuela argi genuen, bertara kanpoko talde oso onak etortzen direlako eta horrekin bakarrik selekzioko hautatzaileak nire lana ikusteko aukera ona izango zelako. Hala izan zen, eta selekzioarekin Volta Castellonen eta Madrilen aritu nintzen. Udan erritmoa mantentzea izan da gehiago.
"Santi Segu Memoriala irabaztea garrantzitsua izan zen, hautatzailearen arreta lortzeko"
Aitor Martinez, Benjamin Noval, Raul Lopez eta zu zeuk osatzen duzue junior mailako Espainiako selekzioa. Noiz abiatu zineten Montrealera?
Benjamin Noval eta Raul Lopez irailaren 22an jokatu zen erlojupekoan aritu zirenez, irailaren 15ean abiatu ziren. Aitor Martinez eta ni neu irailaren 20an abiatu ginen. Munduko jubenilen errepide lasterketa irailaren 24an jokatuko dugu laurok, ostegunarekin.
Mont-Royal zirkuituari 10 itzuli eman beharko dizkiozue, tartean Camillien-Houde igoera exijentea dagoela, guztira 134 km osatzeko. Nolako zirkuitua da?
Gogorra. Batetik, zirkuituan dauden igoerengatik. Munduko Txapelketa denez, buelta guztietan dena emango dugu txirrindulariok, topean joango gara lasterketa guztian, eta ahalegin hori pilatzen joango da. Eta, bestetik, Munduko Txapelketa denez, munduko txirrindulari hoberenak ariko direlako. Maila handia izango da. Hor ez dago txirrindulari txarrik, eta oso-oso azkar joango gara.
Espainiako selekzioa omen da faboritoetako bat. Lute Anguitak nola planteatuko du Mundiala?
Montrealen gaudela zehaztu dugu, baina Benjamin Novalek denboraldi guztian barna erakutsi du munduko bizpahiru txirrindulari hoberenen artean dagoela. Printzipioz bera da indartsuena, eta hori izango da plana, berari laguntzea, baina gainontzekoek gure aukerak bilatuko ditugu, betiere hautatzaileak esaten digunari kasu eginez. Lana egin beharko dugu, eta ditugun aukerak ongi probestu.
Ohiko lasterketa bat edo zirkuitu bati birak ematea, zer nahiago?
Zirkuitu batean ibiltzea ez da ohikoena, baina hori da Mundial baten esentzia, zirkuitu gogor bati bira asko ematea. Mundialak hori dira, eta esperientzia handia izango da. Ikusiko dugu nola doan, baina zirkuituan bueltaka egotea ere polita iruditzen zait.
"Mundialak erronka handia dira. Montrealgo zirkuitua gogorra da, eta txirrindularien maila, handia. Ez dago txirrindulari txarrik, eta oso-oso azkar joango gara"
Zein eguraldi espero da Montrealen?
Egunotan 20º-ren bueltan zeuden. Ea hala mantentzen den eta euririk ez duen egiten.
Lasterketaren martxaren arabera aldaketak egon daitezke; edozerri aurre egiteko prest egon beharko duzue.
Bai, noski. Lasterketa hauetan ez dugu pinganillorik erabiltzen eta autotik ezin digute agindurik eman. Horregatik Mundialak oso lasterketa mugituak izaten dira, iragarrezinak. Nolanahi ere, aurretik planning on bat landuta, gauzak ongi antolatzea lortuko dugula uste dut.
Pinganillorik gabe, lasterketa irekiagoa izango da.
Bai, oso erronka handia da, autotik lasterketa nola doan jakitera eta zuzendariek emandako aginduak jarraitzera ohituta gaudelako. Pinganillorik gabe norberak bere erabakiak hartu beharko ditu, eta ikusiko dugu presio handi horrekin unean hartuko ditugun erabakiak onak diren ala ez.
Urduri al zaude? Abentura handi baten atarian zaude.
Bai, zalantzarik gabe. Gogo handiz nago, eta oraingoz nahiko lasai.
Zer nolako giroa duzue selekzioan?
Oso ona. Lasterketa askotan aritu izan gara elkarrekin. Duela gutxi Kantabrian egon ginen kontzentrazio txiki bat egiten, elkarbizitza sustatu, lagunartean egon, elkar hobeki ezagutu eta gure arteko harremanak hobetzeko.
Mundialetatik bueltan beste lasterketaren batean ariko al zara?
Montrealen dena ongi ateratzen bada, handik itzulita urriaren 5etik 10era Europako Txapelketetan ariko naiz, Liublianan (Eslovenia). Erorikorik ez badago, edo hautatzailearen aldetik aldaketarik ez badago, hori da plana. Mundialetan aritu ondoren, baieztatuko digute Europakoan parte hartuko dugun ala ez. Eslovenian bukatuko nuke denboraldia, eta gero atseden hartuko nuke.
Jubenilen maila despedituta txirrindularitzan segituko duzula jakina da, baina zein taldetan?
Taldeak ez duenez konfirmatu, oraindik ez da ofiziala. Esan dezakedan bakarra da txirrindularitzan jarraituko dudala, eta urte askotarako izatea espero dudala.