Txirrindularitza

Luca Martinez, Mundialetan erabakigarri

Maider Betelu Ganboa

Luca Martinez, erasoan. RFEC

Junior mailako Munduko Txirrindularitza Txapelketako errepideko proban Benjamin Novalen garaipenaren zutarrietako bat izan zen lakuntzarra.

Irailaren 25ean junior mailako Munduko Txirrindularitza Txapelketako errepideko proba jokatu zen Montrealen, lasterketa gogorra, Mont-Royal zirkuituari 10 itzuli ematea (134 m), tartean Voie-Camillien-Houde gainari bost igoera eginez. Egun pare bat lehenago junior mailako erlojupeko Mundialetan txapeldun izan zen Benjamin Noval zen errepideko lasterketa irabazteko faborito nagusietako bat, eta hari laguntzeko Lute Anguita hautatzaileak talde ikusgarria sortu zuen: Luca Martinez Los Santos lakuntzarra, Aitor Martinez eta Raul Lopez. 

Luca Martinezek taldearen alde lan oso erabakigarria egin zuen hasieran. Bigarren itzulian, aurrea hartu zuten txirrindularien parean jarri zen, lasterketa guztiz astindu, eta ezinbesteko zubi lana egin zuen selekzioko kideen alde, Benjamin Noval liderra atzean atzean moztuta gera ez zedin. Lehen zati horretan taldekideen alde guztiz hustu egin zen lakuntzarra, baina helburua lortu zuen: Benjamin Noval babestu eta aurreko postuetan mantentzea. 

Helmugarako 65 kilometroren faltan hasi zen Novalen erakustaldia. Camillien-Houde igoeran behin eta berriz eraso egin zuen, eta soilik bere gurpila jarraitu ahal zutenen taldetxoa sortu zen. Aurrean ihes eginda zeudenak harrapatu, atzera ere behin eta berriz eraso egin eta gero gainontzeko txirrindulariak atzean utzi, eta helmugara bakar-bakarrik iritsi zen (3:23:35), sekulako lezioa emanda. Helmugan Luca Martinez zuen zain, lakuntzarrak ezin izan baitzuen lasterketa bukatu, hasieran taldearen alde hustu egin ondoren. Besarkada estua eman zion Novali, bere garaipenaren parte handia izan baitzen. SimoDefrance frantziarra izan zen bigarrena, eta Elias Wándel sueziarra hirugarrena. Erlojupekoa eta errepideko proba irabazita, Munduko txapeldun bikoitza da, eta bi ortzadar maillot jantzi ditu. 

Hurrena, Europako Txapelketak
Mundialetatik bueltan, eta guztia ongi badoa, Liublianara (Eslovenia) abiatuko da Luca Martinez, urriaren 2tik 7ra erabakiko diren Europako Txapelketetan aritzera. Denboraldi bikainarendako, ginga ezin hobea. 

Arrietaren txanda
Igor Arrieta Espainiako selekzioarekin dago kontzentratuta Montrealen, elite mailako errepideko lasterketan aritzeko. Alejandro Valverdek gidatzen duen taldean Enric Mas eta Juan Ayuso liderrak laguntzea izango da bere lana, Markel Beloki, Carlos Verona, Ivan Romeo, Raul Garcia Pierna eta Marcel Camprubi txirrindulariekin batera.

Irailaren 27an, igandea, 273,4 km eta 3803 m desnibel + izango duen lasterketa gogorra dute aurretik. Desafio latza da, baina Arrietarendako aukera bikaina.