Txirrindularitza

Europako Txapelketetan bitan lehiatuko da Luca Martinez

Maider Betelu Ganboa

Luca Martinez selekzioko taldekideekin Montrealen. RFEC

Irailaren 30eko erlojupekoan eta urriaren 3ko errepideko proban ariko da junior lakuntzarra.

Berriki Montrealen jokatutako Munduko Txirrindularitza Txapelketetan lan ederra egin eta gero, Esloveniako bidea hartu du Luca Martinez Los Santos junior lakuntzarrak, urriaren 4ra bitartean Liublianan jokatuko diren Europako Txirrindularitza Txapelketetan aritzeko. 

Junior mailako selekzioko Lute Anguita hautatzaileak berriro ere Luca Martinezengan konfiantza duela erakutsi du. Berarekin batera Huygo Muñoz, Raul Lopez, Aitor Mitxelena, Dario Gimeno, Aitor Martinez eta munduko erlojupeko eta errepideko txapeldun Benjamin Noval ariko dira. 

Luca Martinez bitan lehiatuko da Liublianan. Irailaren 30an, asteazkena, jokatuko den erlojupekoan ariko da (22 km), bere taldekide Benjamin Noval eta Raul Lopez txirrindulariekin batera, eta talde guztiarekin urriaren 3an, larunbata, jokatuko den errepideko lasterketan. Lasterketa gogorra izango da, 110,5 km-koa. 22 km-ko zirkuitu bati bost itzuli egin beharko dizkiote, Mozjanca portua tartean dutela.