Kazetari, idazle eta ikerlari da Bingen Amadoz Ongay. Sakanarekin lotura handia du, Lakuntzan etxea baitu. EITBren mikrofonoen atzean pasatu zituen 30 urte baino gehiago. Guztira, irratian, lau hamarkada baino gehiago izan ziren. Irratigintzaren aldaketa "asko" bizi izan ditu. Besteak beste, memoria historikoa ikertu eta haren inguruan idatzi du, Matones liburua, eta bidaiatzea ere zaletasuna duenez, bidaietan jasotakoa liburuetan ere islatzen du. Etiopia. Viaje para otras guerras liburua kaleratu berri du. Sakanan, besteak beste, Lakuntzako Estankoan eta Altsasuko Arkatz liburudendan eros daiteke. 2017an hilabetez Etiopiara egindako bidaian jasotakoa biltzen du, GUAIXE IRRATIAn kontatu zuen bezala.
Zer kontatzen du liburuak?
Bidaia batean ezagutzen dena. Hilabete oso bat bidaia egiten pasa nintzen. Bidai zale amorratua izan naiz, toki askotan egon naiz, egia esan. Nire kontura beti; 18 urterekin hasi nintzen nire neurrian ahal nuen moduan bidaiatzen, ezin nuen oso urrunera joan, baina gero pixkanaka joan nintzen bidaiatzeko esparrua zabaltzen, eta dezente mugitu naiz. Beti ezin da bidaiatu: haurrak, aita-ama zaharrak... Gauza asko dira. Baina ahal izan dudanean egin dut, eta Etiopia horietako bat izan da.
Zergatik Etiopia?
Jende talde bat ginen bidaiatzeko prest eta batzuk Iranera joan nahi zuten, eta joan ziren azkenean. Beste batzuk Iranera joateko zalantzan ginen, gero Amerikako Estatu Batuetan sartzeko arazo asko zeudelako, eta bagenuen batzuk AEBtara joateko ideia; New Yorkera joan nintzen ni gero. Orduan, beste alternatiba bat behar genuen eta bi neska eta hiruok Etiopiara joan ginen. Ez genekien Etiopiari ezer. Nirekin etorritako bat oso ausarta da, gero Txetxenian egon da ere. Etiopiara joan ginen eta ez ginen batere damutu. Oso interesgarria izan zen Etiopia ezagutzea. Esan beharra dago bake garai batean zegoela, eta oso inportantea da. Ez da gauza bera bakean ezagutzea edo gerra giroan. Orain gerra hasi da berriz. Egun hauetan jakin dugu. Batez ere iparraldean. 2020an pare bat urtez gobernu zentralaren kontra egon ziren ere Trigger inguruan. Sarraskiak eta horrelakoak izan dira. Ez direnak jakin. Eta gero beste batzuk izan dira, Amharan. Betiere Etiopiaren iparraldean izaten dira matxinadak gobernu zentralaren kontra. Ikusi dudanagatik hiru herrialde dira gerran: Trigger, Amhara eta Afar. Oromo etnia eta beste batzuk daude inplikatuak.
Hortik liburuaren izenburua?
Bi gerra ezagutu dira eta hirugarrena piztu da. Zenbat gerra zeuden zain horrenbeste sumatu ez genituenak. Etnien arteko liskarrak eta borrokak egon bazeudela ikusi genuen, baina agerian ez ziren ikusten. Baina hor zeuden lotan bezala. Sumatzen zen.
Zer dago horren atzean?
"Etnia asko daude, kulturaniztasuna handia dago, eta bakoitzak bere kultura du"
Borroka etnikoak dira. Etniak etnien kontra. Afrikan asko ematen da hori. Ugandakoa horrela izan zen ere. Hemen berdin. Etnia asko dira. Fisikoki Etiopia gehiengoak nahiko antza du. Oso ederrak dira, hori esan behar da. Hegoaldean daudenak, Kenyarekin mugan, Hegoaldeko herriak bezala ezagutzen direnak, fisikoki desberdinak dira. Hor ere etnia asko daude eta desberdinak. Kultura aniztasun handia dago eta bakoitzak dauka bere hizkuntza, ohiturak... Konplikatua da ulertzea. 140 milioi biztanle ditu, Afrikan bigarren edo hirugarren populatuena da. Jende asko dago, eta animaliak... gehiago.
Sekula kolonizatu gabeko herria.
Bakarra Afrikan. Hara joan aurretik jakin genuen. Italiarrak saiatu ziren bi aldiz, baina ez zuten lortu. Han egon ziren eta utzitako arrastoak eskas-eskasak dira; piazza eta mercato esaterako. Saiakerak izan ziren, besterik gabe.
Liburuan mapa agertzen da ere.
Ikusten nuen mapa jarri behar zela, gutxienez gu ibilitako tokiak non zeuden jakiteko. Ibilbide nahiko bertikala egin genuen, ez genuen iparraldetik hegoalderaino egin, baina ia. Hor dagoen aniztasun osoa. Gelditu ziren tokiak ezagutzeko oso handia delako. Kapituluz kapitulu kokatzen joan daiteke mapan.
Bidaiatzen duzunean, zerbait idazteko pentsatuz joaten zara?
"Notak hartzen eta idazten joaten naiz; etxean ordenatu eta detaileak jartzen ditut"
Notak hartzen joan nintzen. Idazten joaten naiz. Memoria onekoa naiz, baina ezin zara fidatu. Joaten nintzen idazten eta etxera iristerakoan ordenatu nuen, detaileak jarri... Beste bidaia batzuk ere egin ditut eta gero idazterakoan gogoratzen dituzu oso ongi zenbait momentu; gure memoria nahiko kapritxosoa da ez badiogu idazten laguntzen. Bidaia guztietan ez dut egin. Saloura joaten bazara agian ez dago ezer kontatzerik, baina horrelako abentura baldin bada nahiago dut horrela egin. Damututa nago aspaldian egindako bidaiekin horrelako liburua idatzi ez izana. Bazegoen materiala horretarako.
Nola mugitzen zineten?
Barne hegaldiak egin genituen. Oso toki interesgarriak ezagutu genituen. Lau edo bost hegaldi egin genituen eta gero hor autobusak ez dira hemengo autobusak bezalakoak; busetak dira, garraio publikoan erabiltzen direnak. Hamahiru plaza inguru dituzte, furgoneta handi bat izango balira. Hor mugitu ginen asko. Gero tuk-tuk-ak ere erabiltzen genituen. Oso gauza bitxia eta polita dira. Hiru gurpiletako motordunak dira. Zoragarria da. Horrelakoak maitatzen bukatzen duzu. Sartzen ginen hiru pertsona eta maletak, motxilak... Kanpotik ikusita ez zirudien hain handia. Hegoaldera joateko hango agentzia bat kontratu genuen, txoferra eta gida, eta furgoneta batean joan ginen. Zure kontura ezin duzu joan. Bideak eta hango moduak direla eta ezin zara zure kabuz joan. Horiekin joan ginen tribu batetik bestera. Esan beharra dago oso herri pobrea dela orohar. Gauza deigarrienak hirian ikusi genituen. Paisaia erabat kaotikoa da, nolanahi eginda. Ez dago planifikazio handirik. Herrietan herri bakoitzak bere arkitektura du, betiere material xumeekin eginda.
Zer aho zaporearekin gelditu zara?
Liburu xumea da, ez dut pretentsio handirik. Aspaldi idatzita neukan, eta pena zen ez kaleratzea. Gutxienez irakurleek Etiopia zer den ezagutuko dute, nik lehen ezagutzen ez nuena.