Urriaren 6an jaso zuen lakuntzarrak saria.
1. Noiztik zara elektrikaria?
Orain dela 35 urte.
2. Nola edo zergatik hasi zinen?
Bartzelonan jaio nintzen duela 60 urte. Ama lakuntzarra eta aita gipuzkoarra. 24 urteekin Lakuntzara bizitzera etorri nintzen. La Caixan lan egiten nuen, eta nire asmoa zen Iruñean bulego batean lan egitea. Garai hartan senargaia zena elektrikaria zen eta nire aitak elektrikari moduan jartzeko esan zion. Enpresa sortu genuen biok; ni sozio kapitalista eta bera elektrikaria. Bulegokoarena ez zitzaidan ondo atera. Orduan, Javierrek esan zidan mutiko bat hartzea pentsatzen ari zela. Esan nion: "Nola mutiko bat? Niri erakutsi!". Hasieran laguntzaile bezala jarri nintzen, pixkanaka ogibidea ikasten.
3. Autodidakta izan zara?
Autodidakta izan naiz; Javierrek erakutsi didana. Orain dela hiru urte, Lan Esperientziagatik Prestakuntza titulua ateratzeko aukera sortu zen, eta atera nuen. Semeek, txantxetan, titulurik ez nuela esaten zidaten. Oraintxe nire titulua daukat. Lehenengo emakumea ateratzen.
4. Aitzindaria izan zara?
Emakume elektrikariak badira, baina gero ikasten jarraitu dute eta peritu, elektrikari orokorra edo bulegoetan lan egiten dute. Obran, Nafarroan, beste emakume bat dago, baina nire adinekorik ez. Gipuzkoan badira beste hiruren bat.
5. Zein da zure lana?
Elektrizitateak dena mugitzen du; geroz eta gehiago. Errehabilitazio asko egiten ditu; Donostiko arkitekto bulego batekin lan egiten dugu, eta etxebizitzan zer dagoen ikusten dugu, dena txikitu, beharren arabera zer jarri begiratzen dugu: argindarra zertarako erabili behar duen, non behar dituen entxufeak... Asko pertsonalizatzen dugu. Bestetik, kotxeendako kargadoreak ere jartzen ditugu, eta herrian argindarrarekin edo telebistarekin, esaterako, arazoren bat konpontzen dugu ere. Denetarik egiten dugu.
6. Nafarroako 2026ko Lan Autonomoa Aitortzeko Saria jaso duzu.
Ni orain Nafarroako Elektrizitate Enpresen Elkarteko batzordekide naiz eta sarietara aurkezteko aukera zegoen. Sarietan hamazazpi arlo daude, eta nire zazpigarrena zen: elektrikariak, iturgintzak, ingeniariak... Eta ni atera naiz. Elektrizitate Enpresen elkartea guk sortu genuen duela 30 bat urte, eta ogibidea ikustarazteko eta belaunaldi berriak erakartzeko zerbait egin behar genuela esan genuen. Idazkariak sariak datozela gogoratu zuen, eta norbait aurkeztu behar genuela, eta beste kide batek esan zuen: "Nola norbait? Kristina!". Oso ongi iruditu zitzaidan. Lanak ez dira gizonendako edo emakumeendako; lanak dira gustuko duenarendako. Aurkeztu nintzen, eta lortu dut.
7. Zer sentitu zenuen?
Ez dugu inoiz elektrikari bat aurkeztu. Iturgintzak atera izan dira, baina elektrikariak inoiz. Denendako sorpresa izan da, baina oso pozik. Lagunek kanpaina handia egin dute Whatsapp bidez esan bozkatzeko. Oso pozik!
8. Ogibidea ikustarazten ari zarete. Zergatik?
Elektrikaririk ez daudelako. Lanarik gabe behintzat ez daude. Nik 60 urte ditut eta Javierrek 63 urte eta badira lan batzuk gogorrak egiten zaizkigula; beste enpresa batzuk deitzen ditugu. Baina ordezkorik ez dugu. Semeek ez dute jarraituko. Bulegoa, tailerra eta dena etxean izan dugu, eta ikusi dute nolakoa den lana, eta beste toki batetik joan dira.
9. Gazteei zer esango zenieke?
Aurreko urtea Tafallako LH institutuan esan nien AA galdetu niola irakaslea nintzela eta ea nola motibatu nezakeen ikasleei eta elektrikari esateko hamar arrazoi aipatu nizkien. Harrituta gelditu ziren. Gure lana zein den erakutsi behar dugu, lan asko daude egiteko, eta funtzionarioa, bulego batean lan egin eta bar egin daiteke. Galdetzeko eta urratsa ematen ausartzeko. Aurten LH eta DBHra joango gara, DBHn hartzen dutelako erabakia.
10. Nola aldatu da ogibidea?
Gauza asko aldatu dira. Materialak, gauza berriak daude, eta orain etxebizitzetan ere Internetera konektatzeko fibra jartzen dugu eta abar. Lan asko dago. Gero ere pedagogia lana egiten dugu, jendeak ez duelako ezagutzeko: bonbillek zenbat gastatzen duten, esaterako. Aurrekoan azaldu nien LED argiekin 50 votetik 5 jaitsi daitekeela. Gazteek influencer, youtuber eta horrelakoak izan nahi dute; ez dute pentsatzen elektrikari, zurgin edo iturgin izatea. AArekin jende asko kalera joango da, baina gure lanak eskuekin egiten dira eta momentuz ez dira galduko. Lan politak dira, baina ikusi behar dira. Nafarroan, gainera, goi maila bakarra dago. Beste bi gradu eskatu ditugu; nahiz eta ikasi nahi ez dagoelako non ikasi.
11. Gaztetan bizitza hau izatea espero zenuen?
Amak esaten zidan: "Beti joan zara hain ongi jantzita, zapatak, ilea... Super guapa". Orain lanetik iristean hautsaz beteta, ilea ez dakit nola... Baina ni oso pozik egon naiz. Ez dugu enpresa handi bat egin, baina aukera eman digu semeekin egoteko: semeekin gosaldu, autobusera eraman eta arratsaldean jaso. Hori guretako oso garrantzitsua izan da. Erabaki bat izan da, eta ez gara damutzen.
