Astekaria

Lakuntzako ikasleak kazetari

Guaixe

Lakuntzako Herri Eskolako seigarren mailako ikasleak Nafarpresen ikastaroan. 

Lakuntzako herri eskolako seigarren mailako ikasleek Nafarpres elkarteak antolatu duen II. Eskola Prentsa Lehiaketan parte hartu dute; tokiko albisteak eta elkarrizketak idazteko ikastaroa jaso ondoren, lanean jarri dira.

Nafarpres elkarteak Nafarroako V. tokiko prentsaren jardunaldia antolatu du urriaren 29an, osteguna, eta aurten, Guaixe Fundazioaren eskutik eta Arruazuko udalaren laguntzarekin, Sakanara helduko da: Arruazuko Herriko Etxean izanen da Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkartearen jardunaldia. Jardunaldian antolatu diren ekimenen artean III. Nafarpres Sarien eta II. Nafarpres Eskola Lehiaketaren sari banaketa ekitaldiak izanen dira, eta lehenengo aldiz lehiaketan Sakanako ikastetxe batek parte hartuko du: Lakuntzako herri eskola. 


Lakuntzako Herri Eskolako seigarren mailako ikasleak, eta Amaia Urabaien irakaslea, albistea lantzen. 

Nafarpres Eskola Lehiaketa Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleei zuzendutako proiektua da, eta haren bidez tokiko kazetaritza eskoletara hurbildu nahi du formazio tailerren bidez. Hortaz, irailean eta urrian zehar Nafarpreseko kazetariak proiektuan parte hartu duten ikastetxetara joan dira ikastaroak ematera, eta ondoren gaztetxoek haien artikuluak, albistea edo elkarrizketa, lehiaketara aurkezteko aukera izanen dute. 


Guaixe astekaria aztertzen. 

Aurreko urtean parte hartu zuten ikastetxeei (Beteluko Araxes I.P; C.P. Añorbe; Otsagabiako Eskola Komarkala eta Lizarra ikastola) aurten, besteak beste, Lakuntzako Herri Eskola gehitu zaie. 

Kazetariak
Lakuntzako Herri Eskolako seigarren mailako hamabi ikaslek jaso zuten urriaren 8an Ikasleak kazetari formakuntza saioa Erkuden Ruiz Barroso Guaixeko kazetariaren eskutik. Amaia Urabaien irakasleak azaldu zuenez, proposamena iritsi zitzaienean interesgarria iruditu zitzaien: "Zerbait desberdina da, berezia". Gainera, klasean ikasitakoa beste modu batean ikasteko aukera ematen diela esan zuen irakasleak. 

Ikastaroak ordu eta erdi iraun zuen, eta bertan ikasleek tokiko komunikabideak eta Guaixe astekaria aztertzeko aukera izan zuten, baita albiste eta elkarrizketa bat idazten ikasteko aukera ere. Ikastaro teoriko eta praktikoa zenez, azalpenak entzunda eta dena oso ongi ulertuta, ikasitakoa praktikan jartzeko unea iritsi zitzaien, eta ikasleak kazetari bihurtu ziren. Lehenengo ariketan, Guaixeko erredaktoreak emandako informazioarekin goiburua, sarrera eta albistea antolatu behar izan zuten, eta bigarrenean elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile paperean jarri ziren gaztetxoak. 

Orain urriaren 20ra arte dute haiek idatzitako albisteak edo elkarrizketak Nafarpres lehiaketan aurkezteko.