Aimar Tadeo Arkauz txirrindulari lakuntzarrak ametsa lortu du: txirrindulari profesional izatea. Tadeok lau urte egin ditu afizionatuen mailan. Finisher izan zen bere lehen taldea, eta bi urtez aritu zen bertan; jarraian Euskadi Fundazioan aritu zen urtebetez, eta aurten Cortizo talde galiziarrean aritu da.
22 urteko eskalatzaileak aurten emaitza onak lortu ditu aurten. Gorlako Igoeran afizionatuen mailako bere garaipena lortu zuen, Bidasoako Itzulian bederatzigarren sailkatu zen, eta Nafarroako Itzulia irabazi zuen, lehen etapan nagusitasunez gailendu eta gero. Horretaz gain, Extremadurako itzulian bigarren izan zen bigarren etapan, Os Reis da Terran bigarren izan zen eta Espainiako selekzioarekin Asturiasko Itzulian parte hartu zuen. Frantzian, Ronde de l´Isarden 20. sailkatu zen.
Emaitza hauek ez dira oharkabean pasa eta, azkenean, profesional mailara egingo du salto Aimar Tadeok, Burgos Burpellet BH taldearekin. Cortizok eta Burgos Burpellet BH taldeak lankidetza harremana dute eta Cortizo taldetik Burgosera igo den bederatzigarren txirrindularia da Aimar Tadeo. Bi urterako sinatu du, 2027 eta 2028 denboraldietarako.
Pozik eta eskertuta
Aimar Tadeo pozarren dago. "Oraindik ez dut sinesten gertatzen ari dena. Oso eskertuta nago Burgos Burpellet BHk nire ametsak betetzeko ematen didan aukerarengatik. Hemen egon ahal izateko gogor borrokatu dut. Datorren urtean nire helburua izango da joaten naizen lasterketa bakoitzean nire onena ematea. Ez dut aukera hau alferrik galduko. Denboraldi honek aldaketa bat ekarri du niretzat, bai kirol mailan, bai maila pertsonalean. Cortizo Taldeak kalitate jauzi hori eman ahal izateko eta lasterketak lehiatzen aritzeko konfiantza hori eman dit".
Burgos Burpellet BH taldean egindako fitxaketarekin kontentu daude. "Aimar Tadeok erakutsi du amateur onenetako bat dela aurten, Gorlako Igoera eta Nafarroako Itzulia irabazita. Txirrindulari oso sendoa eta osoa da. Erregulartasun handia erakutsi du eta bere eskalatzaile profilak gure taldea indartuko du. Beste behin ere, talentu gazte baten aldeko apustua egiten dugu, eta espero dugu ahalik eta lasterren nabarmendu ahal izatea kategoria profesionalean. Ez dugu zalantzarik etorkizun handia duela eta bere helburuak eta taldearenak lortzeko babestuko dugu” azaldu du Damien Garcia kirol zuzendariak.