Astekaria

"Onddo edo ziza bila joatea antidepresibo mundiala da niretako"

Maider Betelu Ganboa

Unai Bakaikoa Salceda, onddo ederrekin. UTZITAKOA

Unai Bakaikoa zizazale lakuntzarra oso gazte hasi zen onddotan eta zizetan, eta oso gustuko du. Sakanan aurten berandu atera dira zizak, eta, momentuz, Burunda aldean

1. Noiz hasi zinen onddotan?
Oso gazte. Lehen aldiz aitarekin joan nintzen, nahiz eta gure aitak afizio handirik ez izan. 12-13 urterekin bizpahiru lagunekin hasi ginen serio. 

2. Aurten oso berandu atera dira.
Normalean ekaina-uztaila aldera egoten da onddo kolpe bat, baina aurten maiatzean euria egiteari utzi zionez, ez ziren atera. Iraila arte euririk ez duenez egin, ez ditugu onddoak izan urria sartu arte. Leku batzuetan atera dira, kolpe polita, eta beste leku batzuetan ez. Ultzaman, Baztanen... asko atera dira. Hura epelagoa da eta euri gehiago egiten du. Sakanan, leku batzuetan atera dira, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Olazti aldean, baina Lakuntzan, ez.  

3. Zergatik alde hori Sakanan?
Kokapenarengatik. Ekaitza gehiago sartzen dira Etxarri Aranaztik Olaztira Etxarritik Irurtzunera baino. Alde batetik bestera ezberdintasuna dago. Gehienetan Burunda aldean onddoak ateratzen hasten direnean lauzpasei egunetara hasten dira Aranatzen. Lakuntzan aste honetako tartea dugu onddoren bat ateratzen den ikusteko. Itxaropena badugu, baina itxura txarra du, onddo kolpe handiena urrian izaten delako. 

4. Non ibiltzen zara onddotan?
Gustukoen hartzen ditudan onddoak etxekoak dira, Lakuntzakoak, baina aurten beste toki batzuetan aritu behar izan gara, hemen ez zegoelako, Baztan aldean bereziki. 

5. Onddoak hartu bai, baina jateko gustatzen zaizkizu?
Bai, lehendabiziko onddoak etxerako dira beti. Emazteari eta haurrei asko gustatzen zaizkie. Etxean sabela betetzen dugunean anai-arrebei, lagunei eta bestelakoei oparitzen dizkiegu, eta beste batzuk izozkailuan izozten ditugu. 

6. Nola prestatzen dituzue?
Zartaginean, tipula eta baratxuria pixka bat frijitu, onddoak gehitu eta egin, eta bukaeran arrautza pare bat gehitu. Lehendabizi zuringoa egin, su baxuan, eta gero gorringoa apurtuta edo apurtu gabe gaineratu. Onddo asko eta arrautza oso gutxi, hala gustatzen zaizkit. Onddoak izozteko beti amaren errezeta erabiltzen dut. Eltze handi batean, baratxuri dezenterekin, onddoak egin. Bi modutara: onddoak guztiz egin, gero izozkailutik atera eta arrautzekin azken tokea emateko, edo onddoa ez egotea guztiz eginda.

7. Orain onddoak eta udaberrian perretxikoak. Hori beste kontu bat omen da, zailagoa delako. 
Onddoa ateratzen denean, asko ateratzen dira, eremu garbietan, zikinetan eta toki guztietan, jende guztiarendako adina. Baina zizena beste mundu bat da. Batzuetan erraza izan daiteke aurkitzea, muturrean topo egiten baduzu, baina gero ziza-larre hori mantentzea, jakitea noiz joan, noiz ez joan, zizak noiz hartu, noiz handitzen utzi... zaila da. Gainera, urtero ziza-larre berriak aurkitu beharra dago, dituzunak bukatzen joaten direlako. Zure ziza-larrean jendea ikusten baduzu jada bi pertsona zaudete hartzen bertatik, eta ez dituzu horrenbeste hartuko. Zizetan ibiltzea nahiko konplexua da. Onddoa gustuko dut, baina bizpahiru aldiz dastatuta, horrekin aski izaten dut, baina ziza jaten egunero egon naiteke. Ez nau aspertzen. 

8. Ultzama, Erroibar... onddoak hartzeko arauez zer deritzozu?
Onddoak hartzeko kuota hori ordaindu behar izana ez zait asko gustatzen, natura denona delako. Batzuk asko hartzen dutela? Niri ez zait abusatzea gustatzen, baina batek 50 kilo hartzen baditu saltzeko, berak ikusiko du. Ez dakit...

9 Mundu honetaz asko dakizu. Erakusketa mikologikoetara joaten zara? Irakurtzen duzu?
Gustatuko litzaidake joatea, baina ez dut ohiturarik. Txikitatik harreman handia izan dut naturarekin, eta mendiarekin zerikusia duen guztia asko gustatzen zait. Gaztetan basozaintza ikasi nuen, eta zuhaitzak, ehiza, arrantza eta mundu mikologikoaz asko ikasi genuen.

10. Onddo eta ziza biltzea gure ohitura eta kulturaren parte da, eta aisialdirako plan ederra.
Niretako onddo edo ziza bila joatea antidepresibo mundiala da. Etxetik atera eta onddo bila eman dituzun bizpahiru ordu horietan naturarekin bakarrik egotea, zure munduan, zure buruarekin hizketan eta gustatzen zaizuna egiten... une oso lasaiak eta bereziak dira niretzako.

11. Zizetan hasi nahi duen bati zer gomendatuko zenioke?
Zizetan Joxe Katarain zenarekin hasi nintzen. Berak eraman ninduen eta berak erakutsi zidan; oroitzapen hori gordeta daukat betirako. Horregatik, hasi nahi duten gazteei gomendatuko nieke heldu batekin hastea, pixka bat ikasteko. Gero bakoitzak bere bidea hartzen du eta gutxika ziza-larreen tokiak eta dermioen izenak ikasten ditu, noiz joan, nola hartu... Hori guztia esperientziak ematen dizu.