Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken hilabete eta erdian egin ez duen eguzkiarekin ospatu ahal izan zuten lizarragatarrek San Adriango erromeria. Urbasan dagoen ermita inguruan eguna pasa eta herrira jaitsi ondoren, arratsaldean, hainbatek gorrituak zituzten aurpegiak. Baina hori ez zen oztopo izan alkatearen etxe aurreko auzateaz gozatzeko. Lizarragako gazta, txorizoa eta ardoa barra-barra banatu zituzten kontzejuko arduradunek. Beste asko eta asko, Jon Lasa eta musikari laguntzaileen doinuekin jo eta sua dantzan ibili ziren. Zortzikoa iluntzeko 21:00etan hasi zen eta, esan bezala, haurrak izan ziren lehenak dantzatzen, baita primeran egin ere. Ondoren, Oskar Lasa izan zen helduen zortzikoa zabaldu zuena. Igandearekin familiako bazkariak izan ziren festaren ardatza. Txikienek jolasteko aukera ere izan zuten. San Adrianen omenezko ospakizunak astelehenean despeditu zituzten, herri afari ederrarekin eta dantzaldiarekin.