Autobus geltokia, larunbatean mustutzeko

Guaixe 2008ko azaroaren 20a

Ergoienako Udalak autobus geltokia egin berri du Lizarragan, San Donato ermitaren parean. Markesina egitearekin batera, autobusak bide bazterrean aparkatzeko eremua ere prestatu du Ergoienako Udalak. Horretarako harri-lubeta bat egin eta gero lurrez estali behar izan du, ondoren gainean autobus geltokia eraikitzeko. Inor ez erortzeko hesi bat ere jarri dute altuera gehien dagoen tokian. Markesina harriz, kristalez eta zurez egina dago, Irurtzun, Etxarri Aranatz edo Iturmendikoaren antzera. Ergoienako Udalak lan hori Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin du. Ergoendarren asmoa, hasiera batean, Unanun beste autobus geltoki bat egitea zen, baina gobernuaren laguntza markesina bakarrerako zenez udala aukeratu beharrean suertatu da. Unanun ere markesina egiteko nahia berretsi du udalak. Hura egin bitartean eta San Klemente festak direla baliatuta, larunbat eguerdian mustuko dute Lizarragako markesina. 14:00etan izanen da, eta ondoren auzatea.Orain aterpean itxaron ahalko diote autobusari lizarragatarrek. Gehien erabiliko dutenak ikasleak izanen dira. Baina baita goizean edo arratsaldean Estellesa enpresako autobusak hartuko dutenak ere.