Lizarraga Ergoieneko euskara liburuak argia ikusi du

Guaixe 2009ko apirilaren 3a

Euskarabideak atzo aurkeztu zuen Iruñean Javi Navarrok, Jose Navarrok eta Mari Lurdes Anduezak idatzi eta Nafarroako Gobernuak argitaratutako Lizarraga Ergoienako euskara liburua. Gaur, berriz, liburuak aztergai duen euskararen herriak hartuko du aurkezpena, Lizarragak. Auzoan izanen da, 19:30ean. Bertan bat eginen dute Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Xabier Azanzak eta liburuaren egileek. EuskalkiaGure hizkuntzaren berezitasun eta oparotasunaren adierazle dira euskalkiak. Euskaltzale eta aditu askoren ahaleginari esker, ondare horren ezagutzan sakontzen ari gara. Oraingoan, Lizarragako euskarari iritsi zaio txanda. Lizarraga Ergoieneko euskara liburua Javi Navarro, Jose Navarro eta Mari Lurdes Anduezaren urteetako lanaren fruitua da. Euren herriko hitzak eta hizkera galtzeko kezkak duela hogei urte jarri zituen lanean. Haien lanak eta hainbat herrikideren laguntzak posible egin dute argia ikusi berri duen liburua. Helburu bikoitzarekin sortu da aipatu liburua. Alde batetik, lizarragatarrek haien ondare kulturalaren adierazpena izatea, eta bestetik gure hizkera ahalik eta euskaldun gehienei ezagutzera ematea. Helburu horiekin bat eginda, Euskarabideak argitaratu du liburua. Izan ere, bere eginkizunen artean dago Nafarroako euskalkien inguruko ikerketa espezializatuak argitaratzea. Liburuaren 650 ale argitaratu dira eta 24 eurotan jarriko dira salgai liburu dendetan. EdukiaLizarragan bizirik dirauen mintzairaren aberastasuna erakusten du Lizarraga Ergoieneko euskara liburuak. Koldo Zuazok argitaraturiko euskalkien sailkapenak "Nafarra"ren Hego Sartaldeko azpieuskalkian kokatzen du Ergoienako euskara eta, aldi berean, tarteko hizkeraren berezitasunak ere badituela dio. Aldaera horren alderdi linguistikoak (lexikoa, deklinabidea, aditza, fonetika eta abar) eta etnologikoak (toponimia, esaera zaharrak, kantak eta etxeen izenak) bildu dituzte lan mardul eta aberats honetan. Horretarako arau idatzirik gabeko mintzairaren bilketa-lanak sor ditzakeen zailtasunak gainditu dituzte. Hiztegiari dagokionez, zazpi mila sarreratik gora aurki ditzakegu orriotan. Era berean, nabarmentzekoa da fonetikari emandako garrantzia. Egileen datuakJavier Navarro Los Arcos institutuko irakaslea da. Liburuaren koordinazio eta zuzendaritza ardurak hartu ditu. Jose Navarro Navarro hizkeraren aldaeraren zuzenketa eta azterketa lanetan aritu da. Mari Lurdes Andueza Berastegi lanaren berrikuspena eta zuzenketa lanez arduratu da.