Herri Kirol Jaialdia Lizarragan

Guaixe 2009ko abenduaren 15a

Hotzari aurre eginez eta berogailuaren laguntzaz giro paregabea izan zen igandean Lizarragako pilotalekuan, Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak, Ergoienako Udalaren eta Nafarroako Kirol Institutuaren laguntzarekin antolatuta, Sakanako Herri Kirol Jardunaldia jokatu baitzen. Jendea poliki bildu zen.Lehenik eta behin Sakanako Aizkora Eskolako aizkolariak eta Sakanako aizkolariak aritu ziren lehian. Guztira 12 aizkolari aritu ziren: Jaime Gorriti, Iker Gorriti, Juan Jose Erdozia Ulaiar, Juan Jose Erdozia Mauleon, Goizeder Beltza, Jon Perez de Villarreal, David Amillano, Arkaitz Jauregi, Iñaki Vazquez, Xabier Dorronsoro, Aritz Irazabal eta Jose Ignazio Flores. Segidan Sakanako Harri Jasotze eskolako kirolarien txanda izan zen. Aitor Oiarbide, Xabier Igoa, Mikel Lasarte eta Mieltxo Saralegi aritu ziren harriak altxatzen. Antolakuntza eta aurkezpen lanetan Oier Aizkorbe, Amaia Gerrikagoitia, Arza, Gorriti, Juan Mari Nazabal eta Lizarragako udal ordezkariak izan ziren. Ohi denez sokatirak ez zuen hutsik egin eta Sakana Sokatira Taldeko neskak Berriozarko Sokatira taldekoen kontra aritu ziren. Trontzalarien erakusketak itxi zuen jaialdia. Bukaeran kirolari guztiak Lizarragako elkartean bildu ziren bazkaltzera, Txominek prestatutako bazkari goxo-goxoa dastatuz primerako giroan.