San Klemente Papa, musika tipi-tapa

Guaixe 2011ko azaroaren 18a

Zera dio esaera zaharra: "San Klemente Papa, elurre tipi-tapa". Aurten elur itxurarik ez dago Lizarragan, baina neguko festak bustita etorriko dira: musikaz bustita. Lizarragako gazteek "herria bizirik" nahi dute. Herriko jaiak indartzeko asmoz gazteendako ekitaldiak antolatu dituzte. Gaur, gauerdian, kontzertu bikaina izanen da herriko frontoian. Bertara animatzen dituzte sakandarrak. Sakanako bi taldek erantzun diote Lizarragako gazteen deiari. Kaxkalo taldea Altsasuko eta Olaztiko gazteek osatzen dute. Ibilbidea hasi berri dute. Santa Agedatan igo ziren lehen aldiz eszenatoki gainera. Orain, San Klemente festetan lehen aldiz Lizarragan jotzeko aukera izanen dute. Gaztelak oi eta ska doinuak eramanen ditu Ergoienara. Nafarroa 1512 taldeak ere aurten mustu ditu zuzenekoak. Arbizuko street punk freskoa eramanen dute aldameneko herrira. Iruñeko Txantrea auzotik Oi! salimos taldea etorriko da. Iruindarrek indarrez beteriko musika eta letra zorrotz eta ironikoak ekarriko dituzte gurera. Azkenik, Sakanan ederki ezagutzen dugun Marianitoz blai! taldea igoko da eszenatokira. Perkusioa, gitarra, eskusoinu eta metal taldeak dantzan jarriko du Lizarragako frontoian. Mexikarretatik rap eta lanbadara, estilo ezberdinenak uztartuz giro ederrarekin agurtuko dute Sanklementetako lehen eguna.