Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan San Klemente festak ospatu ziren Lizarragan. Mari Nieves, Maria lizarratarrentzako, eta Viviano izan ziren aurtengo omenduak igandean ospatutako auzatean. Herritarrak kontzeju etxean bildu ziren gazta eta ardoa dastatzeko, eta Mariak eta Vivianoren semeak, Javierrek, emozioz hartu zituzten herritarren omenaldia eta txaloak. Mariak aitortu duenez, hasieran ez zuen omenaldira joan nahi "zaharra" sentiarazten zuelako. Baina herritarrek adierazitako laguntza eta adorea ikusi ondoren oso pozik hartu zuen. Senarrarekin hartu zuen plaka lizarratarrek beti elkarrekin ikusi dituztelako, "ez zen zilegi izango senarra hemen ez egotea". Vivianok ezin izan zuen omenaldira joan osasun arazoak zirela eta. Haren ordez Javierrek, bere semeak, hartu zuen plaka. Gainera, senide baten heriotzagatik doluminak eman zizkioten herritarrek. Aurten berrikuntza izan zen adinduei egindako omenaldian: alkateak Mariarekin valsa dantzatu zuen. Hurrengo urteetarako tradizioa sortzea nahi dute herritarrek. Giro ona egon zen asteburu osoan Lizarragan. Festetan antolatutako bazkari eta afarietan jende asko bildu zen, 80tik gora larunbatean ospatutako afarian eta 40 inguru gazteek ostiralean egindako afarian. Ondoren, gazteak Arbizura joan ziren ohitura jarraiki. Arrebote talde Altsasuarrak eskainitako kontzertuan jende asko egon zen ere.