Hotza lagun San Klementeetan

Guaixe 2013ko aza. 28a, 16:07

Lizarragan San Klemente festak ospatu ziren asteburuan. Igandea egun garrantzitsua izan zen Pedro Igoa eta Luzia Lakuntza lizarratarrendako aurtengo omenduak izan baitira. Herritarrak pixkanaka iritsi ziren auzatera gazta eta ardoa dastatzeko eta "miresten" dituzten pertsonak emozioz omendu zituzten. Pedro Igoak 80 urte ditu eta artzaina zen, "hori zen gure bizia". Inasan ere urte asko lan egin zuen. Semea eta alabarekin hartu zuen Lizarragako omenaldia. Luzia Lakuntza sukaldaria zen. Etxarrin urte asko lan egin zuen. Lizarragako sukaldari hoberenetarikoa omen da. Ziza larreak topatzeko usain ona ere badu Lakuntzak. Senideen ondoan jaso zuen omenaldia. Aurrera pozik jarraitzeko indarrak eman zizkioten herritarrek. Bi omenduek plakak jaso ondoren dantzaldiarekin despeditu zuten omenaldia. Festetan giro ona egon zen. Hotza izan zen oztopo nagusia baina aurre egin zioten. Larunbatean egindako afarian 80 bat lagun bildu ziren.