Lizarragatarrak 8:00ak aldera elkartuko dira mendirako bidea hartzeko. Arrangarten, San Adrian ermita inguruan, kontzejuak indarrak berreskuratzeko gosaria emanen die herritarrei. Ederki gosaldu eta gero Harlezeko bidea hartuko dute lizarragatarrek. Behin leizera iritsita, animatuena sartu eta atera eginen dute. Horren ondoren, Lizarragako bidea hartuko dute, atzera ere.
Frontoian, 14:30ak aldera, herri bazkaria izanen da. Eta handik jasota, umorea ez galtzeko, 17:00ak aldera, Lizarragan barnako kalejirari ekinen diote. Bidean bospasei geldialdi eginen dituzten eta etxeetatik jan-edana eskainiko diete. Erronda Hegoak txarangak alaituko du. Ibilbidea hasitako tokian despedituko da, frontoian. Ordurako, 21:30ak, kontzejuak marmitakoa osagai nagusi duen afaria prest izanen du. 23:00etati 2:00etara arteko dantza doinuak Lakuntzako Elebitan taldeak emanen ditu.
Garai batean, Harleze egunaren bezperan igotzen ziren Lizarragako gazteak mendira eta gaua kanpin-dendetan pasatzen zuten. Hurrengo egunean gainerako herritarrak igotzen ziren eta egun pasa ederra ospatzen zuten mendian, bazkaria eta guzti. Baina Don Jose apaiza hil zenean galdu zen Harleze eguna, lizarragatarrek berriki bereskuratu duten arte.