Ursula Unanua: "Askotan pentsatzen dut: biharko hilda egongo naiz igual. Baina itzarri eta andria ongi!"

Maider Betelu Ganboa 2015ko aza. 6a, 08:10

Ursula Unanua Lizarragak 100 urte bete ditu.

1.Ursula, abizen horiekin ergoendarra zara goitik behera!
Bai, Ursula Unanua Lizarraga naiz, Dorraoko Agotzarnekuen jaioa eta Lizarragara Patxiko Aristorenarekin Beheko Albeittenekua etxera ezkonduta. Ergoiena gurea zela esaten zigun sekretarioak haurrak txikiak zirenean. Ursula izena ere ez da oso entzuna. Gaztea nintzenean Donostian zerbitzatzen nengoela Los Abastosera joan nintzen kartilla berritzera eta esan zidan bertako gizonak: “Ursula? Si es el nombre del mono de Igeldo. Una chica tan maja y poner ese nombre…” Moztuta geratu nintzen.

2.Gaztetik joan zinen Donostiara zerbitzatzera?
Aita hil zen nik hiruzpalau urte nituela. Haur txiki bat nintzela Iturmendira joan nintzen, haur txiki bati kasu egitera. Amak ez zuen nahi, baina nik joan behar nuela eta utzi zidan. Etxekoandrea sorora joaten zen eta ni haurrarekin gelditzen nintzen. Ogia basijeroan izaten zuen, giltzez itxita. Haurra negar eta ni negar, biak gosez. Dorraora abisua bidali nuen, ahizpa etorri eta etxera itzuli nintzen. Txikia nintzenean ere Dorrauen etxeetara joaten nintzen sorotan lan egitera, ama aitzurretik etorritakoan. Bi zortziko inguru pagatuko zuten, egun guztian lan egin ondoren. Beranduago Donostiara zerbitzatzera joan nintzen eta han egon nintzen, lanean. Baina 1936ko San Pedro bezperan abisatu zuten ama hil zela eta etxera joateko.

3.Zein gogorra, ez?
Bai. Ni oso alaitsua izaten nintzen, lagunekin eta ateratzen nintzenean, baina egun hartan sekulako tristura neukan. “Zer duzu?” esaten zidaten. “Ez dakit, baina ez daukat irri egiteko gogorik”. Etxera joan nintzen. Dorraoko neska bat hotel batean zerbitzatzen zegoen eta hotelera deitu zuten nire ama hil zela abisatzeko. Orduan ez zegoen telefonorik orain bezala. Neska horrek ere joan behar zuela eta biak etorri ginen Dorraora. Nik 17 urte izango nituen. Eta berehala, uztailan, Gerra Zibila hasi zen.

4.Gerra Zibila bizitzea tokatu zitzaizuen.
Bai, ama hil, gerra hasi eta nire bi anaiak gerrara deitu zituzten. Ni eta nire ahizpa geratu ginen etxean, bakarrik. Lan asko zegoen gure etxean. Azienda guztiak gobernatzen genituen biak: ardiak, idiak, behiak, txerriak… denetatik genuen, eta gero soroak. Guk egiten genituen lanak. Basora joaten ginen, txerrietara, sorora… Urte gogorrak izan ziren, bakarrik geunden, lan askorekin. Zorionez, ez genuen gosea pasatu, labore asko biltzen genituelako. Kupoan 100 kiloko hiru zaku nituen. Eta ogia etxean egiten nuen. Ogi eske ez ginen arrazionamendura joaten, etxean bagenuelako. Ogi zakar hura nork jan? Makina batek, baino guk, zorionez, etxean genuen.

5.Eta gerra bukatzean, zer?
Gerra bukatu zenean etorri ziren anaiak etxera. Anai zaharrena San Pedro bezperan etorri zen. Gu soroan geunden eta bazkaria prestatzera joan nintzen etxera. Jendea zegoen gure leiho azpian. Begiratu eta anaia bueltan. Zein poza! Anai gazteena beranduago etorri zen. Artzain ibiltzen zen, mutiko txiki bat zen gerrara joatera deitu zutenean. Gaixoak ez zekien Iruñara ere nola joaten zen, ez zen inoiz Iruñara atera. Eta gerrara joan behar… Anaiak bueltan, beranduago zerbitzatzera joan nintzen, Bilbora eta beste toki batzuetara. Gerra bukatuta nobio bat izan nuen, baina hura hil zen.

6.Gazte ezkondu zinen?
Lizarragako Patxiko Aristorenarekin ezkondu nintzen, ez oso gazte. Dorraora asko joaten ziren eta guk ere senitartekoak genituen Lizarragan. Festetara eta joaten ginen. Ezkondu ginen eta Lizarragara etorri nintzen bizitzera, Beheko Albeittenekua etxera. Aitaginarreba, amaginarreba eta senarraren anaiak ere bizi ziren etxean. Aitaginarreba kisuskiltzan aritzen zen eta senarra ere kisuskiltzan ibiltzen zen, beste birekin. Linasan lan finkoa eskaini zioten senarrari, baina oraindik 3 etxe egin behar zituzten eta ezetz esan zuen. Etxarritik deitu zieten Parkelitas enpresa egiteko, eta obra egitera joan ziren. Obra bukatutakoan esan zieten ea fabrikan lan egin nahi zuten, finko, eta senarra, anaia eta lakuntzar batek baiezkoa erantzun zuten eta han egin zuen lan senarrak jubilatu zenera arte. Hasi eta berehala Madrilera bidali zituzten han parkelitak jartzera. Apopilo egon ziren lehen etxean arraultza bat birendako jartzen zien etxekoandreak. Nagusiari erreklamatu zieten eta beste apopilo etxe batera aldatu zituzten. Eta Madrilen ere Patxikori bidaiak egiteko zituen praka onak lapurtu zizkioten. Nagusiak ordaindu zizkion gero. Ai, ze kontuak!

7.Eta zu etxean lanean geratu zinen, Ursula.
Bai. Ni lan eta lan, aziendarekin ibiltzen nintzen, soroan eta denetan. Goizeko bostetan mugitzen nintzen mendira txerrietara joateko, pentsua ematera. Gero etxeko lanak egin, aziendak gobernatu eta sorora. Soroan bi behi parerekin ibiltzen nintzen, eta esaten zidaten ez zegoela gizonik nik bezala bi pariekin horren ilera zuzena egiten zuenik. Porkak egiteko garaian, goizeko hirurak arte egoten nintzen maizak txuritzen, txintxilikan jartzeko.
Gero, jaietan aste guztiko arropak garbitzen nituen. Arratsalde osoa ematen nuen. Behin, baratzeko aldameneko andreak esan zidan berak ni baino txuriago izaten zituela arropak. “Zergatik? Nik ongi igurtzitzen ditut, lejiarekin eta gauzekin garbitzen ditut” esan nion. Eta berak esan zidan labadora zuela. Nik ez nekien zer zen, eta orduan erakutsi zidan. Etxera joan eta aitaginarrebari kontatu nion. “Zenbat aldiz jaietan esaten dizut arropak uzteko eta ratue pasatzera joateko? Etxarriko Kattolikori esango diot labadora ekartzeko” esan zidan, eta berehala ekarri zuten labadora. A ze aurrerapena! Aurrerapen guztiak dira onak, baina niretzat onena labadora eta traktorea. Traktorea ekarri genuenean gutxiagotan joaten nintzen sorora.

8.100 urte hauetan zer izan da gogorrena? Eta onena?
Gogorrena Gerra garaia. Gazte jende guztia Etxarrira jaitsi zen eta adios Lizarraga! Andreak gelditu ginen bakarrik. Eta polittena? Senarrarekin motoan joaten ginenean. Lizarrara joaten ginen, ahizpa bisitatzera, edo Etxarrira…

9. Noiz bete zenituen 100 urteak?
Urriaren 21ean. Omenaldi polita egin zidaten. Alabak goizean goiz ahotsak entzun zituen. Ni esnatuta nengoen, jantzi nintzen eta balkoira atera nintzen. Eta Lizarragako andreek eta haurrek Aurora kantatu zidaten. Eta Zorionak Zuri. Nik eskerrak eman nien, malkoak ateratzen zitzaizkidan eta beraiei ere. Lore sorta eta opari asko bidali zizkidaten egun horretan. Egun horretan karrika guztiarendako txokolatea egin genuen. Guztiak etorri ziren etxera. Sabinok tarta handia egin zuen, 100 urte jartzen zuena. Denen artean ospatu genuen. Larunbatean udaletxekoak etorri ziren. Herriko haurrek egindako marrazkiak, lore sorta eta plaka bat ekarri zidaten. Eta igandean Bordara joan ginen bazkaltzera, familiakoak. Tarta handi bat jarri zuten, hiru kandelekin, eta jantoki guztia kantuan hasi zen. Etxekoandreak esan zigun jatetxean ez zutela sekula izan 100 urteko pertsona bat han bazkaltzen. Jantoki guztia kantaz, umorez… polita izan zen. Eta jendeak esaten zuen: “honek ez ditu 100 urte”.

10. Horren ongi zaude, Ursula!
Lan asko egina naiz, baina osasuna ona eman dit Jainkoak. Ongi nago, baina egunen batean atea zabalduko da eta akabo. Askotan, guatzera joatekoan pentsatzen dut: “biharko hilda egongo naiz igual. Baina itzarri eta andria ongi! Gosaltzeko 3 pastilla hartzen ditut, bazkaltzeko beste bat eta gauean beste bat. Bi urdailarendako babesleak dira eta bestea pixa egiten laguntzeko. Hiato hernia daukat, baina bestela ezer. Ez dut inoiz ebakuntzarik izan. Behin bakarrik eraman ninduten ospitalera. Kanposantura joan ginen eta zerbaitek pikatu edo, hanka guztia hazi egin zitzaidan. Ospitalean medikuak hasi zitzaizkidan bilan eta esan nien: “hau baneki ez nintzateke etorriko!”. Lau egun egon nintzen, eta hango janaria ezin jan. Gaizki dauden guztien koxerak ahora sartu… ezin. Alabak ekartzen zidan janaria.

11. Lehengo bizimodua edo gaur egunekoa, zein gogorrago?
Orain ez dut lanik egiten eta janaria ematen didate. Gaurkoa hobe! Nik pasatu ditudan kalbarioekin… Gurea lan egitea izan da. Lana gogorragoa zen eta lan asko egiten genuen. Baina estresa gutxiago zegoen. Lau seme-alaba izan ditut, 7 biloba eta bigarren birbilobaren zain gaude. Lizarragan bizi gara, baina tartean Iruñara goaz ere. Egunero elizako ate pareraino goaz paseoan. Senarra 85 urterekin hil zen. Emakumeak lan gehiago egiten dugu eta indar gehiago dugu. Gizonak ahulago dira. Nire 100 urteak ospatzeko Bordara bazkaltzera joan ginenean, gauean soinekoa kendu nuenean esan nion Gotzone alabari: “Gordetu soineko hau 100 urte betetzen dituen hurrengo amonandaako!”. Gure aldamenak 99 urte ditu, hurrengo urtean beteko ditu 100 urte. Baina gizona da, eta ezingo diot soinekoa utzi (kar kar).