Herriak egiten duen omenaldia

Erkuden Ruiz Barroso 2015ko aza. 24a, 14:19

Urtero bezala Lizarragako San Klemente jaietan herriko zaharrenak omendu dituzte.

San Klementerekin batera elurra etorri da, behintzat mendi tontorretara. Lizarragan santu horren omenezko festak ospatu zituzten asteburuan. Une hunkigarriena igandean izan zen. Urtero bezala herriko zaharrenak omendu zituzten kontzeju etxean. Gazta, ardoa eta musika ez ziren falta festan.

Egun tristea esnatu zen Lizarragan eguraldia begira, izan ere San Klementek elurra ekarri zuen mendietara. Kontzeju etxean, aldiz, alai zegoen giroa. Musikarekin dantza egiten zuten herritarrek beste batzuek indarrak berreskuratzen zuten bitartean. Une garrantzitsuena ordu biak pasata izan zen. Maria Dolores Larraza Berastegi eta Lucio Ezkerra Osteriz omendu zituen herriak. Esan zuten bezala herri osoak maite ditu senar-emazteak. Haserre ere ez omen dituzte inoiz ikusi. Lucio goizean goiz oiloak ikustera joaten da eta, horregatik, izan daiteke. “Ni berarekin egoten naiz”, gogoratu zuen Maria Doloresek.

Ezin izan zuten dantza egin, baina herriko neskatoek agurra dantzatu zieten beraiek “merezi dutelako”. Ondoren, urtero legez, oroigarri bana eman zieten. Herriak egindako opariarekin zoriontsu zeuden eta horrela erakutsi zuten. Maria Doloresek maitasun guztiagatik eta omenaldiagatik eskerrak eman zuen. Gutxienez beste omenaldi bateko protagonistak izango zirela zin egin zieten. Herriaren maitasuna gertutik ikusi zuten, izan ere herritarrek gogoz zoriondu zituzten senar-emazteak.