Lizarraga-Harleze-Lizarraga

Guaixe 2016ko abu. 20a, 08:00

Agorrilak 20, larunbata.

Titularrak lasterketa bateko ibilbidearen itxura badu ere, lizarratarrek agorrileko hirugarren asteburuko larunbatean egiten duten ibilbidea da. 9:00etan helduko diote maldari. Hura berdindu ondoren, 10:30 aldera, Lizarragako Kontzejuak San Adrian ermitaren inguruan auzatea eskainiko die mendizaleei. Indarrez beteta Harlezerako bideari helduko diote. 11:30 aldera iritsiko dira hara eta bideko helmugan, lezean, sartu-irtena eginda herrira bueltan joanen dira.

Behin Lizarragan herri bazkaria izanen da, 14:00etan. Bazkalondoan jaso eta etxez-etxeko erronda eginen dute, txaranga lagun. Eta afal garaia iritsiko zaie. 21:30ean kontzejuak marmitakoa plater nagusi duen afaria eskainiko du. Parranda disko-jartzaile baten musikarekin 1:00ak arte luzatuko da.