San Klemente festen txanda

Guaixe 2016ko aza. 18a, 09:09

Hotzarekin ospatzen diren festak iritsi dira Lizarragara. Egitarauari erreparatuta tokiko produktu bati egin diote tokia lizarratarrek: ardi tripotei. Tripoteo moduan eskainiko dituzte, pintxo-pote moduko batean izanen da, gaur, eta euro baten truke eskuratu daitezke. Estreinako aldia denez, 15 kilo ingururekin probatuko dute. Tripoteoaren ideia festak prestatzeko kontzejuaren eta lizarratarren arteko bilera batetik sortu zen. Bilera hartan festak egoki antolatzeko lantaldeak sortu ziren eta haietako bat tripoteoaz arduratuko da. Lizarragan aspaldiko ohitura da San Klementetarako etxe guztietan ardi tripotak egitea, hori izaten da etxe guztietan festetako janari nagusia.

Jateko gehiago ere izanen da San Klementetan. Gaurko kontzertuaren aurreko afarian 40 bat pertsona elkartuko dira. Biharko kopurua bikoiztu eginen da. Bestetik, festetako kartelean aurtengo balkoi politenaren argazkia argitaratu da. Agorrilean ospatu zen Arleze egunean jaso zuen saria Maribel Senarrek.

Egitaraua
Azaroak 18, ostirala
19:00etan Pintxo potea: Lizarragako ardi tripota, frontoian.
22:00etan Herri afaria elkartean
00:00etan Kontzertua elkartean: Tokan2lapolla.

Azaroak 19, larunbata
12:00etan Kalejira Amalur taldearekin.
13:00etan Meza nagusia.
14:00etan Auzatie.
17:30ean Haur eta helduendako jolasak, puzgarriak txikienendako.
19:00etan Txokolate-jana.
19:30ean Dantzaldia The Trikiteens taldearekin.
22:00etan Herri afaria frontoian.
00:00etan Dantzaldia The Trikiteens taldearekin.

Azaroak 20, igandea
12:00etan Kalejira Amalur taldearekin.
13:00etan Meza nagusia.
14:00etan Auzate eta herriko zaharrei omenaldia auzoan.
16:30ean Haurrendako tailerrak.
17:30ean Mus eta briska txapelketa Azi-iturrin. Txapeldunendako saria: Errigorako saski bana.
Asteburu horretan zehar, Azi-iturrik zozketa baterako tiketak salduko ditu. Saria: Errigorako saski bat.

Azaroak 23, asteazkena. San klemente eguna
13:00etan Meza.
14:30ean Jubiletuen bazkaria.