Biharko egunarekin ospatuko dituzte lizarratarrek inauteriak. Azi Iturri elkartean eguerdian jarri dute hitzordua eta, apika, hiru gurdi eta hainbat mozorrotu agertuko dira. Trago batzuk hartu eta ihote-segizioa osatzen duten gurdi eta mozorrotuak kalejira eginen dute. Gurdietan musika eta edateko dutenez, nabarmen nabarmena izanen da segizioa non dagoen jakitea. Kalejira elkartean despedituko dute eta ihote bazkarian 60 bat lizarratar eseriko dira mahaira. Ilundu aurretik mahaitik jaso eta etxez-etxeko puska biltzeari ekinen diote, gurdi gainean, jakina. Jasotako jatekoekin ihote-afaria eginen dute. Ondoren, parranda luzatu eginen da.