Araztegiko lanak hasita daude

Guaixe 2017ko mar. 3a, 09:39
Araztegiko lanak, hilerri ondoan, Telleriako bidetik.

Lanak garagarrilerako despedituko dira eta orduan hasiko da martxan.

Nilsa enpresa publikoaren eta Lizarragako Kontzejuaren akordio baten ondoren hasi dira araztegiko lanak. Construcciones V. Santesteban enpresak ilbeltzean hasi zituen araztegiko lanak eta haiek despeditzeko sei hilabeteko epea du. Haien truke 232.582,66 euro jasoko ditu enpresak, lanen deialdian aurreikusitako kopurua bere eskaintzarekin %25,1 txikitu ondoren.

Lanak despeditu ondoren martxan jarriko dute araztegia. Baina ura tratamendu guztia jasoko badu ere, aurreneko bi hilabeteak probaldikoak izanen dira. Bi hilabete horietan egin beharreko doikuntzak eginen lituzke Nilsak.

Tratamenduaz
Lizarragak 186 biztanle ditu eta herri kaskoan bi gaztandegi ditu. Gaur egun herriko ur zikinak Imhoff arazte biltegi batean jasotzen dira. Zaldua errekaren ondoan dago, hilerriaren ondoan. Imhoff araztegia 2004an egin zen, Ergoienako Udalak sustatuta. Nilsak eginen duen azpiegiturak Lizarragako ur beltzen arazte biologikoa eginen du, iragazki biologikoetan oinarrituta. Nafarroan ohikoena den tratamendu sistema da.

Ur zikinak putzu batean jasoko dira lehenik eta handik araztegira pasako dute. Barnealdean betegarri plastikoa dago, edo harrizkoa. Bakterioak betegarri horri atxikiak hazten dira, eta uraren karga kutsagarriaz elikatzen dira, ura araztuz. Garbitutako ura gaur egungo biltegira eramanen da. Handik ateratzen den urarekin hezegune artifiziala eginen dute, 276 metro karratu izanen duena eta 40 cm-ko ur maila. Han txunkeak edo ihiak izanen dira gehien haziko diren landareak.