Kontzejuak argindarra sortzeko sistema berritzailea jarriko du

Guaixe 2017ko mar. 3a, 08:36

Lizarragako eta araztegiko lanen ikuspegia Unanurako bidetik.

Herrian dagoen malda erabili eta ura gora eta behera zirkuitu itxi batean mugituz sortuko da argindarra.

Lizarragako Kontzejuak argindarra sortzeko mikrosarea eraikiko du. Eta, horretarako, ura erabiliko du. Gaur egun Ergoienako herriak Urdalurko ubarkako ura hartzen du. Herriko ur biltegi zaharra ez da erabiltzen. Neguan ur asko du eta udan ez hainbeste. Xabier Senar Veiga kontzeju-buruak azaldu digunez, herrian dagoen maldari probetxua atera eta argindarra sortuko dute ura erabiliz.

Nilsa enpresa publikoa Telleriako bide bazterrean, kanpo santu ondoan, araztegia egiten ari da. Senarrek esan digunez, Nilsakoekin ados jarri dira eta araztegia hartuko duen lur-sailean ur biltegi berri bat eginen dute. Herriaren goiko aldean dagoen ur biltegi zaharra eta kanpo santu ondokoa hoditeria batekin lotuko dituzten. Eta zirkuitu itxia sortuz ura gora eta behera mugituko da. Behetik gora ura mugitzeko punpatu eginen dute.

Kontzeju-buruak esan digunez, goitik beherakoan ura turbinatik pasatzean sortzen duen argindarrarekin kaleak, kontzeju-etxea, frontoia eta eliza argiztatuko dituzte. Gaur egun kontzejuak horiek ordaintzeko 12.000 euro inguru bideratzen ditu eta sistema berriarekin 9.000 euro inguru aurreztea espero dute. Urte akaberarako martxan izan nahiko lukete. “Bateriarik ez du behar. Guztiz ekologikoa da”, gaztigatu du Senarrek.

Proba-lekua
Lizarragako mikrosarea mota horretako Nafarroako aurrenekoa izanen da. Duela bi urte herrian gaizki zer zegoen aztertzen hasi ziren. Ikerketa horretan Sakanako Garapen Agentziako energia teknikari Aintzane Iriberriren eta Sarrigurenen kokatuta dagoen Energia Berriztagarrien Nazio-Zentroaren, Cenerren, laguntza izan dute.

Senarrek azaldu digunez, Telleriako bide ondoan eginen den ur-biltegiaren gainean eguzki plaka bat jarriko dute eta herri gaineko ur-biltegiaren ondoan, berriz, haize bidezko energia sorgailua. Kontzeju-buruak gaztigatu duenez, “enpresaren batek sorgailuak probatu nahi balitu aukera izanen luke. Lizarraga prest azpiegiturak uzteko”.