Ergoienako udaletxe parean piztuko dute udako solstizioari dagokion sua. Badira sei edo zazpi urte aldamenek sua egin eta haren gainean saltatzeko ohitura hartu zutela. Aitzakiak afaltzera elkartzeko balio du ere. Lizarragan, garai batean, karrika bakoitzean egiten ziren suak.
Garai batean ohikoa omen zen zagi bat erretzea eta sortutako bikearekin herriko etxeen paretak zikintzea. San juanetako edo San Pedro suen gainetik saltatzean purrin San Juan edo ipurdin San Juan esateko ohitura zuten. Hori esan eta berehala giroaren araberako beste esaldi bat botatzen zuten. Lizarraga Ergoienako euskara liburuan honako adibideak jarri zituzten: salero pepe; Unanuko tripotak lehertzeko; Etxarriko tripotak lehertzeko; Lizerraakuek aungi izeteko; Lizerrakuek aungi atiatzeko; subiek ez piketzeko; ergun idiyek ez ozka itteko; tximitxek ez pikatzeko; arkokosuek ez pikatzeko; zorriyek eta partzak hiltzeko…