Sakanako Garapen Agentziak (SGA) antolatuta, Lizarragako kontzeju-etxeak energia kudeaketa eredu berrien inguruko jardunaldia hartu zuen herenegun. SGAko energia, industria eta zerbitzuak arloko teknikari Mikel Gaita Ansak argitu zigunez, "udal eta kontzejuentzako energia kudeaketa sistema bateratu bat martxan jarri nahi dugu ibarrean 2018an eta jardunaldia energia sorkuntzan eta kudeaketa eredu berrietan azkeneko joerak ezagutzeko aukera izan da, hurrengo urterako nahi dugun modeloa definitzeko".
Hiru adibide
Jardunaldian Lizarragako mikro-sarea aurkeztu zen, ˝kontzejuaren autokontsumo elektrikoaren arrakasta eredu eta autonomia energetikoa lortzeko lehen pausoa". Ur biltegi zaharra eta kanposantu ondoan egindako biltegi berria lotu egin dituzte. Azken horretan eguzki plakak jarri dituzte. Horiek sortzen duten argindarra gordeko da. Kontzejuak egunez argindar kontsumo txikia duenez, bildu eginen da eta gauez argiterian erabiliko da. Gainera, goian dagoen ura askatuz, turbinatik pasatuz argindar gehiago sortuko da, argiteriara bideratuko dena. Hala ere, badaezpada ere, Lizarragako argiteria sare orokorrera lotuta geldituko da.
Egin beharreko lanak eginda, Iberdrolak autokontsumo puntu gisa altan ematea falta dela azaldu digu Gaitak. Lanak 190.000 euroko aurrekontua dute. 90.000 gobernuak jarri ditu eta gainontzekoa kontzejuaren eta udalaren artean jarriko da. Ibarreko udal eta kontzejuendako energia autonomia "eraginkorra eta onuragarria" lortzeko beste bi adibide eman zituzten jardunaldian.
Gipuzkoako hainbat herrietan ezarria dute udal energia eta ur kontsumoak kontrolatzen dituen kudeaketa sistema berri bat: eMenhir software berria, "herri txikiendako eta eskualderako baliagarria izan daitekeena". Bestetik, Leitzako Udalaren energia planaren berri eman zuten. Energia inbentario benetakoa egin zuten eta, egoera ikusita, hobekuntzetarako hiru urteko plana ezarri zuten. Udalaren argindar potentziaren egokitzearekin soilik "pila" aurreztu zuten, Esetek aholkularitza enpresaren zerbitzua pagatzeko adina. Leitzako kasuan ikusi zenez, ahalegin txikiekin fakturan aurrezpen handia lortzen da, energia kontsumoa eta CO2 emisioak murriztearekin batera.Gaitak azaldu digunez, "Sakanan antzeko zerbait egin daiteke.