San Klemente festetarako prest!

Guaixe 2017ko aza. 17a, 10:18

San Klemente papa, elurra tipi tapa. Edo, San Klemente, baba jantzale. Lizarragako udazkeneko festetako bi berezitasun aipatzen dituzte bi esaera horiek: bata, elurra mendian egin eta hotz handia izatearena, eta, bestea, ospakizun horietan garai batean baba asko jaten zela. Festetan bakarren batek babak janen ditu behar bada. Ziurra dena etxe askotan ez dela ardi tripotarik faltako. Ezta festak hasteko ere. Joan den urteko estreinako harrera ona ikusita tripoteoa eginen dute frontoian, hau da, ardi tripota eta ardoa euro batean dastatzeko aukera izanen da. 15 kilotik gora zerbitzatuko dituzte, guztiak ere Txomin Agirrek egindakoak izanen dira.

Festa hasiera hori ospakizunen antolakuntzaz arduratu den lantaldeetako batek eginen ditu. Egitarauko beste egitekoez beste lantaldeak arduratuko dira. Joan den urtean Lizarragako Kontzejua eta herritarrak bildu eta festen inguruan hizketatu ondoren erabaki zen festak horrela antolatzea. Gaur eta bihar afariak daude iragarriak eta hori ere norbaiten ardura da. Aurrenekoan 40 bat elkartuko dira eta bigarrenean ehun bat. Festak iragartzen duen kartelak urteko balkoi politenaren argazkia dakar, Arleze egunean aukeratu zuen epai mahaiak eta aitortza Xarminttoneko etxeak jaso du. Eta ezin falta aitortza, igandean herriko adinduei eginen zaiena.

Egitaraua


Ostirala 17
19:30 Pintxopotea. Lizarragao ardiki tripota, frontoian.
22:00 Herri afaria, elkartean.
02:00 Tokan2Lapollaren kontzertua, elkartean.

Larunbata 18
12:00 Kalejira Amalur taldearekin.
13:00 Meza nagusia.
14:00 Auzatie.
17:30 Haur eta helduendako jolasak. Puzgarriak txikienendako.
19:00 Txokolate-jana.
19:30 Dantzaldia Oharkabe taldearekin
22:00 Herri afaria, frontoian.
00:00 Dantzaldia Oharkabe taldearekin.

Igandea 19
12:00 Kalejira Amalur taldearekin.
13:00 Meza nagusia.
14:00 Auzatea eta herriko zaharrei omenaldia.
16:30 Haurrendako tailerrak.
17:30 Mus eta briska txapelketak Azi-iturri elkartean.

Osteguna 23, San Klemente eguna
13:00 Meza.
14:30 Jubilatuen bazkaria.