Lizarragako Kontzejuak Ergoienako Udalari medikuarena zen etxean gizarte etxea egiteko baimena eskatu dio eta eskaera jendaurrean dago 15 egunez. Kontzejuko buru Xabier Senar Veigak esan digunez, "herritarrei zerbitzua eta herriari bizia eman nahi diogu inbertsio horrekin".
Lizarragako Kontzejuak medikuen etxearekin zer egin aztertzeko 2.000 euro bideratu zituen joan den urtean. Lizarratarrez osatutako batzorde bat ere sortu da eta hura, kontzejuarekin batera, zer egin daitekeen eta nola aztertzen aritu dira. "Erabakitze prozesu parte-hartzailea izatea nahi izan dugu", azaldu digu Senarrek.
Lanak
Lizarragako gizarte etxeak medikuaren etxea zenaren beheko solairu guztia hartuko du. Proiektua eginda, kontzejua eraikuntza enpresekin harremanetan jarriko da haien eskaintzak jasotzeko.
Senarrek jakinarazi digunez, lan guztiek 100.000 euro inguruko kostua izanen dute. Haietatik, 90.000 inguru lanak egiteko lirateke eta gainontzeko 10.000 euroak altzariak eta bestelakoak erosteko. Kontzeju buruak jakinarazi digunez, Europako Landa Garapenerako Programatik 50.000 euroko diru-laguntza jaso dute. Senarrek gaineratu duenez, Lizarragako Kontzejuaren finantza egoera ona da eta halako inbertsioetan sartzeko aukera baduela.
Medikuaren etxea zenak beheko solairua, ganbara eta goiko ganbara ditu. Lanak aurrenekoan eginen dira, taberna eta denda han egokitzeko. Hutsik geldituko den ganbaraz galdetuta, Senarrek esan digu landetxe bat, aterpe bat, etxebizitza bat edo beste zerbait hartu dezakeela. Ideia faltan ez daude baina momentuz ez dute erabaki zer eginen duten. Lehenik beheko solairuan zentratuko dira.
Lanen epeez galdetuta, Senarrek jakinarazi digu asmoa dutela kisusgileak lastailaren erdialdera lanean hastea eta haien lana ilbeltzaren erdialderako despeditzea. Ondoren guztia jantzi eta garbitu beharko litzateke. Horregatik, kontzeju buruak gizarte etxea Aste Santurako martxan izanen dela espero du.
Bestalde, gonbidapena zabaldu du Senarrek: "gazteek herrian bizi nahi badute, Lizarragan horretarako aukera badute".