Lizerratarrak Euskaraldian

Guaixe 2018ko aza. 10a, 11:01

Lizerratarrak Euskaraldiaren alde agertu dira. Argazkiak: Txane Lizarraga.

Batzordetik Ahobizi edo Belarriprest izatera gonbidatu dituzte herritarrak.

Euskararen erabilera handitzeko ariketa Lizarragan eginen da ere. Horretarako lizerratar talde batek batzordea sortu du eta hala nahi duten aldamenekoei izena ematen laguntzen ari zaizkie. Horregatik, Ahobizi eta Belarriprest zer den azaltzen ari dira eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen den ariketan parte hartzera animatu dituzte. 11 egun horietan Ahobizi izatea erabakitzen duenak euskaraz eginen die ulertzen duten guztiei; edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz eginen duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai. Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik!

Belarriprestek, berriz, euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbidapena eginen diete. Euskara ulertzen dutela adieraziko dute eta eurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Haiek euskaraz edo erdaraz erantzunen dute, baina eurei euskaraz egiteko eskatuko dute. Belarriprest izatea jokaera bat da.



Egitaraua
Euskaraldikoak lizerratarrekin hizketatzeaz aparte, haiei zuzendutako egitaraua prestatu dute ere. Larunbatean Javi Navarrok euskararen nondik norakoen inguruko hitzaldia eman zuen 50 bat pertsonaren aurrean Azi Iturri elkartean. Ondoren merienda izan zen. Hizlariak, Jose Navarro eta Mari Lurdes Anduezarekin batera, Lizarraga Ergoienako euskara liburua argitaratu zuen (2008, Nafarroako Gobernua).

Ahobizi eta Belarriprest izanen direnak txapen bidez identifikatuko dira. Txapa horiek azaroaren 18an eginen den ekitaldi batean banatuko dira. Hura goxatzeko txokolate-jana izanen da. Aldi berean, Lizarragako Euskaraldia batzordeak herritar batek aspaldi euskararen alde sortutako abestia berreskuratuko du eta azaroaren 23an abestuko dute, tripoteoan ari direla, hau da, triputak dastatu artean. Egun seinalatua da hori, Euskaraldia hasteaz aparte, Lizarragan San Klemente festak hasiko direlako.