Sanmartindarren ospakizuna bihar

Guaixe 2018ko aza. 9a, 14:13

San Martin ermitara 1,5 km inguru daude herritik.

Sanmigeldarren txanda pasa ondoren, Lizarragako San Martin kofradiak bere eguna ospatuko du bihar. Ohitura denez, 10:00ak aldera gosaltzera elkartuko dira. Tripotak izanen dira mahaian, besteak beste. Hangoak egin eta gero, elizara joan kandelak piztu eta haiekin oinez San Martin ermitarantz abiatuko dira, Irurako bidean barna.  Behin ermitara iritsita, eguerdian, meza izanen da. Eraikina elizkizunerako behar bezala egoteko herenegun garbitu zuten.

Behin ermitakoak despedituta, sanmartindarrak kofradiaren kontuak eta kideen altak eta bajak egunean jartzeko elkartuko dira. Kofradeek dagokiena pagatuko dute eta diru-kontuak despedituta, atzera ere, mahaira eseriko dira, majo bazkaltzeko. Bazkaldu ondoren musikak giroa alaituko du. Hura isiltzean bukatuko da ospakizuna.