Ihote segizioa osatuko duten mozorrotuen kuadrillek Intxorreta karrikan, Ergoienako udaletxe ondoan dute hitzordua eguerdian. Handik abiatuko da ihote-segizioa, Lizarragan barnako kalejiran ibiliko dena. Hura Azi Iturri elkartearen ondoan bukatuko da. Han, 14:30 aldera mozorro-bazkaria eginen da. Arratsaldean, mahaitik jaso eta etxez etxeko puska-biltzea eginen dute. Garai batean urdaia jasotzen zuten. Gaur egun horrekin batera, txistorrak, arrautzak eta dirua. Erronda bukatzean elkartera joko dute, jasotakoa prestatu eta harekin afari ederra prestatuko dute. Ihote-afariaren ondoren parrandak segituko du.
Lizarragan eskola ixtearekin batera desagertu ziren ihoteak. Orduan haurrak mozorrotu eta eskean ibiltzen ziren Lizarragan barna. Inauteriak 2013an berreskuratu zituen Azi Iturri elkarteak. Bazkidearen eguna ospatzen ez dutenez, halako zerbait ihoteetan egitea erabaki zuten eta elkartearen kontura izanen dira bazkariko edariak.