Ostatua hartzeko proposamenak aurkeztu daitezke

Guaixe 2019ko api. 19a, 08:46
Mediku etxearen beheko solairuan ostatua izanen da. Errepidez bestaldean kontzeju-etxea dago.

Medikuaren etxea zenaren beheko solairua gizarte egoitza bihurtu da eta han taberna-jatetxea eta denda izanen dira.

Lizarragako Kontzejuak herriko 172 biztanleen bizi kalitatea hobetzeko asmoz, mediku etxea zenaren beheko solairua moldatu eta han taberna-jatetxea eta denda jarriko ditu. Kontzejuak orain hura kudeatzen interesa dutenendako deialdia egin du. Jakinarazi duenez, hiru urterako emanen du kudeaketa, beste bira luzatu daitezkeenak. Aurreneko sei hilabeteak probakoak izanen dira.

Kudeatzaileek ura eta argindarra besterik ez dute pagatu beharko. Baina ostatua hartzen dutenek urtero lau zerbitzu eskaini beharko dizkiote herriari: San Adrianetako astelehenean kontzeju-kideei afaria, Arleze eguneko eguneko mendiko gosaria, San Klementeko jubilatuen bazkaria ematea, auzolan baterako gosaria ematea eta urtean bi kultur jarduera antolatzea. 2.000 euroko fidantza eman beharko da. Interesa duten pertsonek euren proposamenak Ergoienako udaletxean aurkeztu beharko dituzte hilaren 26ko 14:00ak baino lehen. Deialdiaren plegua www.ergoiena.com web orrian dago.