Herriaren taberna zabalik dago

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko eka. 15a, 10:04

Bargazpi taberna igandean mustu zuten, medikuaren etxea zenean. Ondoan izanen duen dendatxoa irailean zabalduko dute.

Etxajuak kalejira iragartzeko. Txistulariak, trikitilariak eta pandero-joleak txandaka euren doinuekin bidea zabaltzen zutela makina bat lizerratar eliza eta medikuaren etxea zenaren arteko bidea egin zuten. Ordurako han beste lizerratar mordo bat zituzten zain. Egun berezia baitzen igandea Lizarragan: kontzejuaren taberna mustutzeko eguna. Jende guztia bildua zegoela, Xabier Senar Veiga kontzeju-buruak tabernaren izena estaltzen zuen plastikoa kendu zuen. Etxaju gehiago eta jendea barrura sartu zen, ongi mustutzeko auzatea baitzegoen.

Pozik zeuden lizerratarrak. Lau bat urteren eta makina bat auzolanen ondoren ideia zena gauzatuta ikusi zutelako. Jakin-mina ere bazuten lizerratarrak igandean. Izan ere, osatuaren inguruko erabaki guztietan bezala, izena aukeratzeko erabakian parte hartu zuten. Kontzeju-etxeak hainbat aukera proposatu zuten eta haietako baten alde egin behar izan zuten. Azkenean, misterioa igandean argitu zen: Bargazpi taberna da zabaldu dena. Haren aldamenean denda izanen da, baina hura irailean irekiko dute.

Erlazionatuak