Alicia Torrea

"Alemanian musikariekiko beste errespetu bat dago"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ots. 11a, 13:07
Alicia Torrea piano jolea. UTZITAKOA

Lizarragatik mundura pianoa jotzen. Goi mailako musika ikasketak eta musikaren pedagogia ikasi du Alicia Torreak Europako unibertsitateetan

Aita bateria jolea izanik, musika Alicia Torrearen elementu garrantzitsua izan da. Etxean "betidanik" musika entzuten zuen eta musika ikasketak hasi zituenean, "jolas" bat bezala zen Torrearendako. Karrera egin zuen ondoren.

Zergatik aukeratu zenuen pianoa?
Nire aita musikaria da, bateria jolea. Ni alaba txikiena naiz eta berak hasieratik nahi zuen seme-alabak bazituen musika ikas zezaten. Barañainen bizi ginen eta 1990ko hamarkadan musika eskolarekin boom bat izan zen eta izena eman zuten. Baina txikia nintzenean ez nintzen haur horiek bezala esaten dutela hasieratik instrumentu bat zegoela. Pianoa zegoen aukeratzeko eta pianoa aukeratu nuen. 

Eta gustatu zitzaizun. 
Hori ziur. Ez dut oso ondo gogoratzen, baina irakasle oso onak izan ditut hasieratik. Orduan, irakasle jatorrak badituzu, erraza egiten zaizu eta etxean motibazioa baduzu... Etxean ez genuen pianorik, eta aita nirekin etortzen zen musika eskolara. Arratsaldero pianoarekin egoten ginen. Jolasa bat bezala: jolasa, gustura zaude eta aurrera egiten duzu. Gainera, nik etxean beti musika entzun dut. Aitak jotzen zuen, eta amarekin entzutera joaten ginen. Nire etxean oso normala zen musika entzutea. 

Instrumenturen bat gehiago jotzen duzu?
Bai. Biolontxeloa, unibertsitatean bateria jotzen hasi nintzen, txalaparta pixka bat egin nuen, gitarra, ukelelea... denetarik pixka bat. Baina nik uste musikari guztiok egiten dugula. Batekin hasten zara, gero bestearekin eta ez da instrumentuaren karrera egiteko, baina jotzen duzu. 

Esaten dutenez piano jolea bazara, beste edozein instrumentua jotzeko erraztasuna duzula. Egia da?
Orokorren instrumentu guztiekin gertatzen dela uste dut. Kontuan izan behar da pianoa instrumentu harmonikoa dela. Ez duzu melodia jotzen bakarrik, txirularekin bezala, esaterako, instrumentu melodikoak direla. Baina orokorrean izaten da. Nik ezagutzen dut saxofoia jotzen duten lagunek pianoa oso ongi jotzen dutenak. Lengoaia unibertsala bat dago eta musika nondik nora joaten den ezagutzen baduzu, bakarrik da ikastea instrumentu bakoitza jotzen. Bueno, bakarrik. Igual bakarrik hogei urte behar dituzu instrumentu bat jotzeko. Instrumentua jotzeko mekanika ezagutzen duzunean errazagoa da. 

Nola erabaki zenuen musikako goi mailako ikasketak egitea?
Goi mailako ikasketak Pablo Sarasate kontserbatorioan egin nituen. Garaiko plan 66 deitutako hezkuntza planarekin egin nuen. Gu izan ginen plan horiek amaiera egin genuenak. Gero LOGSE sartu zen eta nahikotxo aldatzen zen. Beraz, Pablo Sarasaten 19 urterekin bukatu nuen eta garai horretan Baionan piano klaseak ematen nituen Madame Durekin, piano irakasle oso ona. Berarekin egon ginen larunbatero. 2002an Iruñean ikasketak amaitu nituen, eta Frantzian probaren bat egiteko animatu ninduten, eta hartu ninduten. Boulogne Billancourt-en egon nintzen, Parisen. Piano ikasten eta perfekzioko ikasketak egin nituen. Baina Paris oso hiri handia da eta erritmo horrekin beti gris eta gaixo nengoen. Gauzak begiratzen eta probak egiten  hasi nintzen eta Berlinera joan nahi nuela erabaki nuen. Pedagogia irakasle oso ona ezagutu nuen. Beraz, alemaniarra ikasten hasi nintzen. Baina ezin nuen dena batera egin. Beraz, Parisko kontserbatorioan Leipzigen erasmusa egiteko aukera sortu zen, eta joan nintzen. Oso gustura nenbilen irakaslearekin eta sartzeko probak egin nituen. Bitartean, nire helburua Berlinen pedagogia ikastea zen. Buru-belarri jarri nintzen eta azkenean lortu nuen plaza.

Pedagogia?
Musikaren pedagogia. Berlin hiriaren historia dela eta bi kontserbatorio daude: ekialdea eta mendebaldean. Mendebaldekoan arteen unibertsitatea eta musika, antzerkia, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak... daude. Bertan musikaren pedagogia ikasi nuen, bereziki pianorako. 

Oso ikasketa berezituak. 
Baina oso, terrible. Gainera, sartzeko proba oso zaila eta sartu nintzenean lorpen handia izan zen. Oso zaila izan zen. Hiru aldiz saiatu nintzen, eta hirugarrenean hartu ninduten. Pianorako bakarra nintzen. Bakarrik 10 plaza zeuden eta bat pianorako. Gero karrera ez zen oso zaila izan. 

Uste duzu Erropan garrantzia gehiago ematen zaiola arteari orokorrean?
Alemanian bereziki musika oso garrantzitsua da. Alemanian musikaria naizela esaten dudanean, beste modu batera begiratzen zaituzte. Aldiz, hemen esaten dizute zein polita den pianoa jotzea. Eta, ez, horren atzean orduak eta orduak dira. Bestela, galdetzen didate zer gehiago ikasi dudan. Nola zer gehiago ikasi dudan? Ez dut ezer gehiago ikasteko denborarik! Alemanian alderantziz da: musikaria zara, zeinen ongi, ze zaila. Beste errespetu bat da. Baina, bueno, leku guztietan denetarik aurkitzen duzu. 

Pianoari eta hezkuntzari lotuta egon zara. Irakaslea zara orain, ezta? 
Hori ikasi nahi nuen, bai. Berlinen ikasten eta lanean aritu nintzen eta hortik Boliviara joan nintzen. Kolonbiara nahi nuen joan, Venezuela egiten den koru eta orkestra gazteendako sistemaren antzeko programa bat egiteko, baina ez zen atera. Orduan Boliviara joan nintzen eta bertan beste proiektu bat egin nuen. Istorio pila daude, baina ikasle batek oso gutxi ikusten zuen eta musika braille sistema erakatsi genion. Bertan geratu da eta proiektuarekin jarraitu du. Orain Barakaldoko kontserbatorioan nago. Nafarroan lan eskaintza nahiko berezia da, hezkuntzan orokorrean eta musikan ere. Beraz, Barakaldon probatzea erabaki nuen nire espezialitatea delako. Gainera, horrela ikusi dezaket zer mugitzen den. Bilbo oso handia da eta jende asko dago eta beste maila bat dago. Hiru ikasle ditutu oso ongi jotzen dutenak eta musikariak izan nahi dutenak. Iruñean ere badago, baina Iruñean ez nituen piano klaseak ematen. Antsoainen klaseak ematen jarraitzen dut, eta sorpresa oso politikak izan ditut ere. 

Eta kontzertuak ematen dituzu, noski.
Bai. 

Zer nolako musika jotzea gustatzen zaizu?
Ongi egina dagoen edozein musika gustatzen zait. Entzuteko, dantzatzeko eta jotzeko. Pianoarekin klasikoa, erromantikoa, inpresionista eta abar ikasi dut gehiago. Oso polita izan zen NAK jaialdian Miren Karmele Gomezekin egin genuen kontzertua. Karmelek musikarekin koloreak ikusten ditu, nik ez, baina berak musikarekin marrazkiak egiten ditu. Eta kontzertu didaktiko horretan hori egin genuen. Nik musika berriak jo nuen eta berak marraztu zuen eta gauza oso politak atera ziren. Elizondon apirilean kontzertu berdina egingo dugu. Etxarri Aranazko Abesbatzarekin ere 2018an NAKen aritu nintzen. Oso esperientzia polita izan zen. Izan ere, maila handiko abesbatza da eta Lizarragakoa izanik, bazen garaia zerbait elkarrekin egiteko. Oso berezia izan zen. 

Musika garaikidea ez omen da oso erraza. 
Hemen ez dago oso hedatua oraindik, baina hasten da jendea mugitzen. Nik oso gustuko dut musika garaikidea jotzea eta Iruñean aukera badago primeran. Ez da erraza erantzuteko, baina konposatzailearen arabera da. Gero daude oso politak ez diren obrak daude, dena bezala. Etxekoei kontzertu horretara joaten esan nien. Kontzertu polita eta goxoa egiten baduzu, jendea sartzen da. Seguruenik ez du disko bat erosiko, baina kontzertua buruan leiho bat bezala irekitzea da. Jendeak jakin dezan munduan musika desberdinak daudela. Lan batzuk ea txantxan ari nintzen esaten zidaten. Obra bakoitzak badauka bere gauza. Oso zailak direnak ere daude. 

Abestiren bat konposatu duzu?
Ez, eta jendeak asko galdetzen dit. Orain hasi naiz poliki-poliki inprobisatzen eta momentuan ditudan sentsazioan eta sentimenduak pianoan islatzen. Baina konposatzea beste mundu bat da. Lagun konposatzaileak ditut eta beste maila batean daude. Ez dut esango Jainkoak, baina goian daude. 

Zein da zure lanik edo konposatzailerik gogokoena?
Gogokoena ez dakit, baina badira bi konposatzaile asko maite ditudanak: Beethoven eta Debussy. Eta gero super klasikoa dela Bach. Nola ez zaizkizu gustatu behar Lizarragako tripotak? Horrelako zerbait, fabrikatik dator.