Lizerratarrek eguerdian dute hitzordua jarrita. Intxorreta kalean da., Ergoienako udaletxearen ondoan. Musika lagun mozorrotutakoen kuadrillak herrian barna kalejiran ibiliko dira. Ihote-segizioaren ibilbidea Azi Iturri elkartean bukatuko da han inauteri bazkaria eginen delako 14:30 aldera. Majo bazkaldu ondoren, atzera ere, kalejiran arituko dira mozorratutako lizerratarrak. Etxez etxeko puska-biltzean garai bateko “iyotetako urdei pixkat” esaera erabiliko dute. Baina urdaiaz aparte txistorrak, arrautzak eta dirua ere jasoko dituzte. Horrekin guztiarekin mozorrotuen afaria eginen da. Ondorengo parrandak ordu txikiak arte iraunen du.
Azi Iturri Txokoa elkarteak antolatzen ditu Lizarragako ihoteak 2013tik. Bazkide egunik ez zuen eta ihotea horretarako aukera egokia zela erabaki zuten. Lizarragan eskolak izan ziren bitartean haurrak mozorrotu eta herrian barna eskean ibiltzen ziren. Baina ikastetxea itxi eta ihoteak galdu ziren.
Garai bateko ihoteak
Lizarraga Ergoieneko euskara liburuan (2008, Nafarroako Gobernua) iyote sarreran azaltzen denez, Etxarri Aranatzen modura, Lizarragan ere astearteihote aurreko hiru ostegunak ospatzen ziren. Aurrenekoak gizonkunde, gizonkunde egune, gizekunde edo gizekunde egun izena zuen. XX. mende hasiera arte herriko gazte guztiak estali egiten ziren, normalean herriko etxeren batean, eta neskek gauerdiaren aurretik opatu behar zituzten. Lortzen ez bazuten, mutilak ospatzera ateratzen ziren.
Bigarren osteguna andrekunde, andrekunde egun, emakumde edo emakunde egun izena zuen. Oraingoan eginkizunak aldatu egiten ziren: neskak ziren estaltzen zirenak eta mutilek haiek opatu behar zituzten. Atzeneko osteguna garikunde zen eta gazteen arteko borrokak egiten ziren. Zaldun iyotea inauteriko igandea zen eta ospakizun horretako protagonistak haurrak izaten ziren. Iyoteguna, berriz, astearte iyoteari Lizarragan ematen zaion izena da.
Antza, taatul edo kareta batez estaltzen zuten aurpegia lizerratarrek. Kartoiz egindakoak omen ziren. Iyoteetan parte hartzen zuten mozorro edo moxorro guztiak ilun ezkilak jotzean taatulak kentzera eta aurpegia agerian uztera behartzen zituen. Garai bateko gazteak iyoteetan erroldan ibiltzen ziren, etxez etxeko puska-biltzean. Jan-edanak eskatzen zituzten merendua edo afaria egiteko. Halako eskeak kinto ospakizunetan eta herriko festetan ere egiten zituzten garai bateko gazte lizerratarrek.